NAIZ
BILBO

Uztailak 3.013 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Uztailaren amaieran, 181.070 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 3.013 gutxiago, Enplegu Ministerio espainiarrak jakinarazi duenez.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerio espainiarrak emandako datuen arabera, behera egin zuen langabezia erregistratuak uztailean Hego Euskal Herrian.

Uztailaren amaieran, 181.070 pertsona zeuden enplegu zerbitzu publikoan izena emanda, aurreko hilabetean baino 3.013 gutxiago.

Jaitsierarik nabarmenena, %2,69koa, Araban eman da, 638 pertsonek aurkitu baitute lana. Iazko datuekin alderatuta, jaitsiera %8,38koa da (2.108 pertsona).

Gipuzkoan, langabezia erregistratua %2,11 jaitsi da uztailean (824 pertsona). 2015eko datuekin konparatuz, 3.996 pertsona gutxiago ari ziren uztailean lan bila (%9,46).

Bizkaian, %1,84 jaitsi da uztailean langabezia erregistratuaren tasa (1.499 pertsona). Iazko zenbakiekin alderatuz, 6.305 pertsona gutxiago zeuden enplegu bulegoetan izena emanda (%7,29 gutxiago).

Nafarroan nabarmen apalagoa izan da jaitsiera, %0,13koa, 52 lagunek aurkitu baitute lana uztailean. 2015eko epe berarekin konparatuz, jaitsiera %6,44koa izan da (2.724 pertsona).

Estatu mailan, 3.683.061 pertsona zeuden uztaila bukaeran enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino %2,2 gutxiago (83.993 pertsona).