NAIZ
BAIONA

LABen hautagaitzari CGTk jarritako helegitea onartu du Bordeleko Auzitegiak

Datorren azaroaren 28an abiatuko diren enpresa txikietako hauteskundeei begira CGTk LAB sindikatuaren hautagaitzari jarritako helegitea onartu egin du Bordeleko Auzitegiak.

Ekainaren 22an aurkeztu zuen CGTk LABen aurkako helegitea.
Ekainaren 22an aurkeztu zuen CGTk LABen aurkako helegitea.

Iragan ekainaren 22an, enpresa txikietako hauteskundeetara LABek aurkeztutako hautagaitzaren aurkako helegitea aurkeztu zuen CGTk, sindikatu abertzaleak parte hartzeko baldintzak betetzen ez zituela argudiatuta eta aurkezten ez uzteko eskatuz. Orain, Kazetak berri eman duenez, Bordeleko Auzitegiak arrazoia eman dio CGTri.

LABeko kide den Jeronimo Prietok azaldu duenez, oraindik ez dakite zein den erabakiaren oinarri juridikoa, baina ez dute afera «horretan utziko». Sindikatu abertzaleak erabakiaren kontrako helegite bat aurkeztea pentsatu du; horretarako hilabete bat du. Enpresa txikietako bozak azaroaren 28tik abenduaren 12ra egingo dira eta sindikatu bakoitzaren pisua neurtzeko balio dute

Argudioak egun gutxi barru ezagutuko dira.

Enpresa txikietako hauteskundeak azaroaren 28tik abenduaren 12ra egingo dira. Hauteskunde horiek sindikatu bakoitzaren pisua neurtzen dute.

CGTk errekurtsoa aurkezteko hainbat argumentu erabili zituen. Hala nola, Euskal Herriko sindikatuak balore errepublikarrak errespetatzen ez dituela eta izaera independentistari lehentasuna ematen diola.

CGTren aburuz, sindikatu batek proiektu politiko bat defendatu ordez langileen eskubideak defendatu beharko lituzke.

Epaileen erabakia jakin baino lehen, LABek sostengu anitz bildu ditu. Horien artean, Sylviane Alaux diputatu sozialistaren elkartasuna eta Eusko Ikaskuntzaren babesa; baita Ipar Euskal herriko CGTren zenbait sekzioena ere.