Iurre Bidegain
Baiona

CGTko hainbat kide joaten hasi dira LABen kontrako auzia dela eta

CGTk LABen kontra aurkeztutako errekurtsoa onartzea erabaki zuten epaileek abuztuaren 4ean. Ipar Euskal Herriko CGT-ko kide batzuek albistea «haserrea eta kezkarekin» jaso dute eta hainbat kide sindikatutik ateratzen hasi dira.

CGTko mobilizazio bat. (Bob EDME)
CGTko mobilizazio bat. (Bob EDME)

«Harrigarria». Epaileek LABen kontra hartutako erabakia horrela definitu du CGT-ko Peio Dufauk. Abuztuaren 4ean Bordeleko epaitegiak CGTk LABen kontra ezarritako errekurtsoa onartu zuen. Erabaki horren ondorioz, LABek ezingo du bere burua enpresa oso tipietako hauteskundeetara aurkeztu. Dufauk Ipar Euskal Herriko hainbat pertsona sindikatutik ateratzen hasi direla kontatu du.

«CGT-ren jarrerarekin haserre nago. Kezkatuak gaude. ‘Kezka’ hitza tipia gelditzen da sentitzen duguna adierazteko»", esplikatu du Peio Dufauk. Errekurtsoari buruzko informaziorik ez zutela nabarmendu du; «ez digute galdetu, ezta kontsultatu ere».

Bere iritziz, bi bide gelditzen zaizkie: «Euskal mundua errespetarazteko erabakia gibeleratzen lortzen dugu, edo sindikalista askok utziko dute». Dufauren aburuz, CGT tresna garrantzitsu bat da eta hortik atera ezkero langileei kaltetuko lieke. «Nire enpresan, SNCFen, adibidez, LABen sartzen bagine ere ez genuke pisurik izanen eta ez genuke fitsik egiten ahalko. %10a ordezkatu behar duzu zerbait egin ahal izateko eta kopuru hori ez baduzu ezin da ezer lortu», erantsi du.

Sindikalistak kontatu duenez, heldu den irailaren hasieran, 2 edo 3an, Pariseko bi zuzendarirekin bilkura bat antolatuko dute gaia aipatzeko. «Aski gaizki pasako da, ziurrenik. Haiek beren ikuspuntu politikotik ikusten badute, guk gurea badugu; ez dugu onartzen eta ez dugu onartuko ere. Ez dakit nola aterako garen hortik», nabarmendu du.