Hamarnaka preso eta errefuxiatu ohik, euskal presoen eskubideen defentsan eta euren askatasuna aldarrikatzeko, manifestazioa deitu dute datorren iganderako Donostian, Bulebarrean 13.30ean hasita.
Adierazi dute ezinbestekoa jotzen dutela presoen kaleratzerako prozesu adostu bat martxan jartzea, «amnistiaren bidean, lehenbailehen behar ditugulako presoak kalean, konponbidea osoa izango bada behintzat».
«Espainiak eta Frantziak euskal presoak gatibu dituzten bitartean, ezinezkoa izango da arrazoizko normalizazio eta bake bidean sakontzea», gaineratu dute. Era berean, dispertsioa eta salbuespenezko neurriekin amaitzea eskatuko dute, baita larriki gaixo dauden presoen berehalako askatasuna ere.
Dei berezia luzatu diote euskal gizarteari: presoen eskubide eta kaleratze prozesu baten alde lan egin dezan. «Guk, gure aldetik, gure burkideen aldeko borrokan eta hauekiko elkartasun ekimenak ugaritu daitezen lanean tematuko gara», nabarmendu dute.