NAIZ
Baiona

Mila pertsonatik gora batu dira Baionan lan erreformaren aurka

Estatu frantseseko lan erreformaren aurkako 14. mobilizazio eguna izan dute gaurkoan Baionan. Sindikatuen arabera, 1.500 bat pertsona bildu dira ‘El Khomri’ legearen kontra.

Ospitaleko CGTko kideak LAB sindikatuarekin batera parte hartu dute manifestazioan. ©Isabelle Miquelestorena
Ospitaleko CGTko kideak LAB sindikatuarekin batera parte hartu dute manifestazioan. ©Isabelle Miquelestorena

Goizeko 11.00ak aldera abiatu da martxa Santa Ursula plazatik. Kazetak argitaratu duenez, Parte hartu dutenen artean, Jusqu'au retrait kolektiboko kide diren Ospitaleko CGT ordezkaritza eta LAB sindikatua zeuden. 

Manifestazioa Baionako suprefeturaren aurrean amaitu da. Nahiz eta Estatuko Aldizkari Ofizialak legea argitaratu, «deus ez dela bukatu» aldarrikatu dute bertan. Hala, Eñaut Aramendi LABeko bozeramaileak Jusqu'au retrait kolektiboa irailaren 19an bilduko dela iragarri du. FO sindikatuak, bere aldetik, Estatu mailan parte hartzen duen azken manifestazioa dela azaldu du. Gaur frantses Estatu guztian izan dira protestak.

Gobernu frantsesak uda honetan 49.3 artikulua erabili zuen legea behin betiko onartzeko. Uztailaren 21ean onartu zuen, hain zuzen. Gaur egun, Gobernuak erreformari buruzko gauzatze dekretuak lantzen ditu, urtea bukatu baino lehen argitaratzeko asmoz.