Idoia ERASO

Arrautza baten tamainako GPS-aren arrakastaren zain

GPS balizaren demokratizazioa helburu duen teknologia garatzen du Seekios enpresak, 2015ean Angelun sortuak, eta urtebetean 3.000 euro balio izatetik milioi batera pasatu da. Arrautza baten tamainako tresna azaroaren erdialdean izanen da eskuragai, baina jadanik salgai dago Interneten.

Doako erabilera duen munduko lehen GPS baliza»; horrela definitzen dute sortzaileek. Seekios-en helburua produktu merkea izatea eta erabilera orokortua izatea da. Hau da, behin GPSa 99 euroan erosita, lokalizazio zerbitzua ordaindu beharrik ez izatea da produktuaren ezaugarria. Gaur-gaurkoz munduko 70 herrialdetan da doakoa, eta gainerakoetan roomingaren prezioan. Hala ere, Seekiosek arrakasta baldin badu, telefonia-enpresekin negoziatuta doakotasuna eremu zabalagora hedatzea espero dute. Erabilerei begiratuta, oinarrian jendearen gehiengoak dauzkan beharrei egokitua da, espezializaziorik gabe. Hori kontuan hartuta, «merkatua haustea» espero dutela baieztatu zuen Joanes Andueza enpresako komunikazio arduradunak.

Angeluko enpresaren hastapenak 2014ra garamatza, Stephane Arnas sortzaileari bere gitarra lapurtu zioten unera. Hori berriz gertatuz gero objektua non zegoen jakiteko GPS baten bila hasi zen. Merkatuan zegoenak ez ziola bere beharrari erantzuten konturatu zen, eta, ondorioz, Bidarteko ESTIA ingeniaritza eskolatik ateratako ikasleak bere produktua sortzea deliberatu zuen.

Merkatuari begiratuta, hutsune nagusi bat ikusten zuen Stephanek, hots, hilabeteko kotizazioa izatera derrigortzen zintuztela; gehiegizko diru-ezarpena iruditzen zitzaion hori, berak zein erabilera eman nahi zion kontuan izanik. Hala, zerbitzua doakoa izateko publizitatera jotzea deliberatu zuen.

GPSa erosi eta erabili ahal izateko telefono mugikorrean, tabletan edo ordenagailuan aplikazio bat jaitsi behar da, arrautzaren tamainako aparailua non dagoen jakin ahal izateko. Kokalekuaren informazioa ematen duen bakoitzean kreditu bat erabiltzen da, eta kreditu horiek irabazteko publizitate-bideoak ikusi behar dira. Bideo horiek Googlekin hitzartutakoak dira, beste hedabide edo webguneetan ikusten direnak, hain zuzen ere. Erabiltzaileak momentu jakin batean edo orokorrean asko erabiliko badu, 200 kreditu 4,99 euroan eros ditzake edo hilabeteko 4,90 euroko harpidetza egin dezake.

Prezioari ere begiratu zion sortzaileak nolako produktua sortu nahi zuen erabakitzean. Aurkitu zituenen artean merkeena 100 eurokoa zela ikusirik, hori baino merkeagoa egiten saiatu zen. Hasierako helburua 70 euroan egitea baldin bazen, azkenean 99an ezarri behar izan zuen. Produkzio guztia Estatu frantsesean egiten da, enpresa harro sentiarazten duen lorpena. Lehen produkzioa 3.500 alekoa izanen da, eta azaroaren erdialderako egina izanen da. Beta proba egiteko lehen multzo bat jasoko dute hil honen bukaeran, eta horrela aparailuaren eta aplikazioaren erabilera egokia den frogatuko dute.

Aurresalmenta ona izan bada ere, lehen produkzioan kopuru hori atera behar zuten, hain zuzen, banaketarako eta SIM txartelaren zerbitzuaren doakotasuna lortzeko. Banaketa oraingoz beraien webgunearen bidez bakarrik egiten da (Seekios.com), baina 2017ra begira hipermerkatu sare handiekin negoziatzen ari dira. Hurrengo urtean Estatu frantsesean soilik egongo da salgai, baina dena aurreikusi bezala baldin badoa, Hego Euskal Herrira, Estatu espainolera eta Europara salto egin nahi dute.

Aurreikusitako funtzio nagusia gauzen eta pertsonen kokagunea ezagutzea da. Horren arabera, programazio mota ezberdinak daude; esaterako, geldirik beharko lukeen autoa mugitzen bada, horretaz ohartarazi gaitzan programa daiteke Seekios tresna. Eskolatik itzulita beharko lukeen haurra ordu batetik aurrera eremu geografiko baten barnean ez badago, abisua eman dezake. Bestalde, momentu oro non dagoen ere jakin daiteke. Aparailuak SOS botoi bat ere badauka, eta hori sakatuta aurretik erabakitako pertsonei abisua helduko zaie. Eremu jakin batzuetan interes handia piztu du produktuak, motorzaleen artean eta enpresari batzuen artean, esaterako.

GPSaren erabileraren gaineko eztabaida etikoa agerikoa da, kontrolaren eta segurtasunaren arteko muga non dagoen pentsatzera baikaramatza. «Segurtasuna da gure nahia, baliozko gauzak edo maite ditugunak babestea, ez kontrolatzea», zehaztu zuen Anduezak. Erabilera txarra eginen duen jendea ere izanen dela badakiten arren, beraien onarpen baldintzetan legez kanpoko erabilerarik ez egitea emana dago; ezin da pertsona baten kokapena ezagutu bere baimenik gabe, adibidez.

Kanpaina eta aurresalmenta

Egitasmoa aurrera atera ahal izateko, orain sarri erabiltzen den finantzaketa kolektibora jo zuten. Arrakasta handia izan zuen; helburua 1.000 parte hartzaile izatea zen, eta azkenean 1.500 izan zituzten, eta 30.000 euro lortu nahi izatetik 96.000 biltzera heldu ziren. Gero, produktua prezio merkeagoan erosteko aukera eman dute azken hilabeteotan.

Kanpaina horiez gain, akziodunak ere badituzte; horien diru-ezarpenari esker hartu du ekimenak egun duen balioa. 2015eko apirilean hiru akziodun eta 3.000 euroko balioa zuen, eta, aldiz, 2016ko irailean 100 bat akziodun ditu, eta milioi eurotik hurbil daude, eta hurrengo urtean bi milioikoa izatea espero dute. Akziodunen gehiengoa Ipar Euskal Herriko pertsonak eta enpresak dira, gutxiengoa Estatu frantsesekoa, eta pertsona bakan batzuk munduko beste tokietakoak. Akzio bakoitzak 500 euro balio du.

Langileen kopuruak ere gora egin du epe horretan; bi pertsona hasi ziren eta 14 dira orain, eta urte bukaerarako gehiago kontratatzea aurreikusten dute.