NAIZ
Lasarte-Oria

D ereduan ingelesa ikasten ari direnei zuzendutako euskara-ingeles hiztegia argitaratu dute

Elhuyarrek ‘Collins Elhuyar English Basque Dictionary euskara-ingelesa’ hiztegi berria argitaratu du, Collins argitaletxearekin batera. Batez ere, D ereduan ingelesa ikasten ari diren ikasleak izan ditu Elhuyarrek buruan hiztegi hau egiteko garaian, garrantzitsu jotzen baitute euskaldunek baliabideak izatea ingelesa «beste zubi hizkuntza batzuetara jo beharrik gabe» ikasteko.

Elixabete Etxeberria Leire Cancio Orueta eta Izaskun Odriozolak aurkeztu dute Elhuyarren iztegi berria. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Elixabete Etxeberria Leire Cancio Orueta eta Izaskun Odriozolak aurkeztu dute Elhuyarren iztegi berria. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Ingelesa ikasten ari diren D ereduko ikasleei zuzendutako euskara-ingelesa hiztegia aurkeztu du Elhuyarrek. Lasarte-Orian egindako agerraldian, Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak azaldu duenez, Elhuyarrek ia sorreratik bertatik (20 urte daramatza hiztegigintzan) izan du argi «ekarpen hau egiteko beharra».

Elhuyarreko arduradunak azaldu duenez, Elhuyarrena da euskara-gaztelania hiztegirik salduena, eta hiztegi berriak ere harrera bertsua izatea nahi lukete. Horretarako, kalitatezko produktu bat egiten ahalegindu dira. Batez ere, D ereduan ingelesa euskaratik ikasten ari diren ikasleak izan ditu Elhuyarrek buruan hiztegi hau egiteko garaian, garrantzitsu jotzen baitute euskaldunek baliabideak izatea ingelesa «beste zubi hizkuntza batzuetara jo beharrik gabe» ikasteko.

Hiztegiaren xehetasunak azaldu ditu Elixabete Etxeberria hiztegiko lantaldearen arduradunak. Hiztegiaren ingelesa-euskara atala osatzeko, Collins Concise Spanish Dictionary hiztegian oinarritu dira, eta, Elhuyarren gainerako lanetan bezala, Hiztegi Batua ezinbesteko erreferentzia izan da lan honetarako ere.

Etxeberriak azaldu duenez, hiztegia Elhuyarren egin da, baina etengabeko harremana izan dute HarperCollins Publishers argitaletxeko hiztegigileekin, eta Elhuyarren eginiko lan guztia berrikusi dute britainiarrek.

Elhuyarrek bazuen lehendik ere ingelesa-euskara hiztegi bat, 2007an argitaratua, baina oraingo hau aurreko haren bikoitza da gutxi gorabehera. Sarrera gehiago eta landuagoak ditu, eta, hiztegiaren erdian, bi hizkuntzen alderdi gramatikalak biltzen dituen eranskin bat txertatu dute. Hiztegiak 64.270 unitate ditu guztira, bi ataletan banatuta; haietan, 86.150 adiera eta 21.400 adibide ageri dira.