Maria Mendizabal

Argi-kutsaduraren mapa berritu dute

Definizioari erreparatuz gero, argi-kutsadura argiztapen artifizialen kalitate kaskarrak eragindako argi dispertsioa da; praktikan, gauez zeruaren edertasuna ikusteko gaitasunik ez izatea dakar. Zenbat aldiz entzun ote dugu izarrak ikusi ahal izateko mendira edo behintzat argiztapen gutxi duen eremuren batera joan behar dela. Bada, argi kutsaduraren mapa berri hau egin duen ikertzaile talde italiarraren arabera, munduko biztanleen herenak ezin du Esne Bidea ikusi kutsaduraren ondorioz, ezta etxe ondoko mendira gerturatuta ere. Italiako Argi Kutsaduraren Zientzia eta Teknologiaren Institutuko ikertzaileek Suoni satelitearen irudiak baliatu dituzte mapa berri hau osatzeko. Horretaz gain, ikertzaileek eta makina bat boluntariok lurretik egindako behaketetako oharrak ere erabili dituzte informazioa osatzeko.

Portzentaje borobilen atzean, noski, mundu zabalean errealitatea oso desberdina da eta argi-kutsadura arazo larriagoa da munduko eremu batzuetan beste batzuetan baino. Ikertzaileek Europa edota AEBak nabarmendu dituzte besteen gainetik, eta ohartarazi dute eremu horietan herritarren gehiengoak ezin duela gauez zerua behar den argitasunez ikusi. Hori lehen ere jakina zen. 1994an Los Angeles inguruan argi mozketa luzeak izan ziren lurrikara batek eragindako kalteengatik. Argirik gabe egon ziren tarte horietan jendea larrialdi zerbitzuetara deika hasi zen zeruan inoiz ikusi gabeko argi batzuk ageri zirela ohartaraziz. Ikusten zuten hori Esne Bidea zen, baina argi-kutsadura hain handia zutenez, aurretik ez zuten ikusteko paradarik izan.

Jakina, munduko eremu batzuetan zerua bere handitasun eta argitasunaz ageri zaie herritarrei. Fabio Falchi ikertzaile entzutetsuak gidatu duen ikerketak Txad, Madagaskar eta Afrika Erdiko Errepublika aipatu ditu populazioa aintzat hartuta argi-kutsadura gutxien jasaten duten herrialde gisara. Izatez, argi-kutsadura gutxien duten 20 herrialdeetatik 19 Afrikan daude. Txanponaren beste aldean dago Singapur. Ikertzaileen arabera, herrialde honetako biztanleek apenas dute gaurik dagoeneko, eguzkia ezkutatzen denean, argiztapen artifizialak zerua argituz etengabeko ilunsentia sortzen duelako. Populazioa aintzat hartuta, kutsadura gehien duten herrialdeen zerrendan atzetik kokatu zaizkio honakoak: Kuwait, Qatar, Arabiar Emirerri Batuak, Saudi Arabia, Ipar Korea, Israel, Argentina, Libia, Trinidad eta Tobago, Irak eta Kanada.

Orokorrean, pentsa genezake eremu batean zenbat eta eraikin eta biztanle gehiago izan orduan eta handiagoa dela bertako argi-kutsadura. Zerikusia badu, jakina, baina ez da beti aipatutako baldintza hori betetzen. Hala, alemanak gai dira oraindik orain Esne Bidea ikusteko, Estatuko hainbat eremutan bederen. Arrazoien artean, kale-argiztapenaren inguruan dituzten arauak askoz ere gogorragoak direla. Bide berari jarraituz, beste herrialde batzuetan ere kutsadura mota hau apaltzeko legediak sortzen ari dira, besteak beste, Italiako hainbat eremutan eta Kanaria uharteetan.

Kutsadura honek, adituen hitzetan, pertsonengan eragin psikologikoak izan ditzake, naturak eskaintzen duen irudi eder hau ikusteko aukera galtzen dutelako; baina horretaz gain, eragina du animalia askoren garapenean, besteak beste, hegaztien migrazio prozesuak aldrebesten dituztelako. Gauez bidaiatzen duten hegaztiak elkarren kontra jota edota objektu eta eraikinen kontra talka eginda hiltzen dira; izan ere, izarren argia baliatzen dute norabidea ez galtzeko.

LED argi zuriek dakarten arriskua. Argi-kutsadura joan den mendearen erdialdean aipatu zen lehenengoz eta orduz geroztik urtez urte hazten joan da. Egun, gure artean gero eta leku handiagoa hartzen ari diren LED argiek arriskua areagotzen dute. Argi mota hori gero eta gehiago erabiltzen da, piztearekin batera intentsitate gorenera iristeko gaitasuna duelako eta eraginkorragoa delako. Gaur egun, oraindik ere, argi zuriko LEDak erabiltzen dira batik bat, ingurumenerako kaltegarriak direnak. Horien ordez, anbar kolorekoak, hau da, laranja tonuko LEDak erabiltzea gomendatzen da, bai eta horiei beren potentzia modu automatikoan erregulatzen duten gailuak eranstea ere. Oro har, gainera, argi-kutsadura ekiditeko ematen diren gomendioak ezagunak dira: argia beharrezkoa den tokietara bakarrik zuzentzea; eraginkortasun energetiko handia duten argiak erabiltzea; eta, noski, behar-beharrezkoa duten tokiak bakarrik argiztatzea.