Asier AIESTARAN

Badago Irribarria kaiolan ikusteko irrika zaleen artean

Buruz buru kantxa osoan eman zituen erakustaldien ostean, ikusmin handiadago aramarra distantzia laburragoan nola moldatuko den jakiteko.

Buruz Buruko Txapelketan Iker Irribarriak erakutsi zituen joak eta kemenak pilota munduan azken urteetan izan den lurrikararik handiena suposatu zuen seguru asko. Aparteko erakustaldiak emateaz gain, aramarra historiako txapeldunik gazteena bilakatu zen maiatz bukaeran. Hilabete batzuk pasatu dira ordutik, eta tartean uda bete-betea izan du aurrelari gipuzkoarrak, baina bihartik aurrera beste txapelketa ofizial bati egin beharko dio aurre, Lau eta Erdikoari.

Badago irrika berezi bat zaleen artean Irribarriak udaberrian erakutsitako nagusitasuna errepikatuko ote duen ikusteko, eta logikoa den zalantza puntu bat ere bai. Izan ere, kaiola barruan, kantxa osoan horren garrantzitsua den kolpeak pisua galtzen du. Eta alde horretatik, hainbat urtean, batez ere hasierako urteetan, Martinez de Irujori gertatzen zitzaion kabitu ezin hori arazo bat izan daiteke beretzat.

Ez da zaleen irudipena bakarrik, berak ere halaxe adierazi zuen atzo Bergarako Udal Pilotalekuan egindako material aukeraketan. «Lau eta Erdia distantzia berezia da, eta besoa kontrolatu beharra daukat. Nire jokoan kolpea oso garrantzitsua da eta kaiola barruan ez naiz horren eroso sentitzen», onartu zuen Aramakoak gaiari buruz.

Arazo horri, txapelketa prestatzeko izan duen denbora tarte laburra gehitu behar zaio, nahiz eta berak alde ona nabarmendu zuen: «Seinale ona da hori, partida asko jokatu ditudala esan nahi du». Iaz, erreferentzia bezala, Olaetxearen kontra galdu zuen lehen partida 22-21.

Bihar aurkari Jon Jaunarena izango du, asteartean Jakari irabazi baitzion. «Nekatuta nago, baina eskuak ongi dauzkat eta egunak pasatu ahala hobeto egongo naiz», esan zuen errekuperatzeko duen tarte laburraz. Aguraingo partidaz, irakurketa bikoitza egin zuen: «Lehen zatian ongi jokatu nuen. Gero urduri ipini nintzen eta asko sufritu. Hori hobetu behar dut».

 

Zortzi aurrelari gazte Promozio Mailakoan

Enpresek atzo jakinarazi zituzten aurtengo Promozio Mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren nondik norakoak. Azkenean zortzi aurrelari gaztek hartuko dute parte, Aspeko lauk eta Asegarceko beste lauk, eta final-laurdenetako ligaxkatik hasiko dira zuzenean. Lehen multzoan Laso, Peña II.a, Jaka eta Dario lehiatuko dira, eta bigarren multzoan Tainta, Arteaga II.a, Ugalde eta Elordi. Ligaxka horiek urriaren 15ean, larunbata, hasiko dira Iruñean, Tainta/Arteaga II.a eta Laso/Peña II.a partidekin, eta beste biak egun bat beranduago jokatuko dira Eibarren: Laso/Peña II.a eta Elordi/Ugalde. Multzo bakoitzeko bi onenek finalerdietarako txartela eskuratuko dute, eta finala azaroaren 19ko asteburuan jokatuko dute hasiera batean. A.A.