Maider IANTZI

Basoko lana duintzea du xede motozerralari txartel europarrak

Hamar ikasle eta bi irakasle dabiltza Usurbilgo Irisasiko parajean pinu eta izeiak mozten, Motozerralari Txartel Europarra lortzeko xedez. Orain arte ondokoengandik ikasi duten basoko langileek egiteko modu seguru eta eraginkorragoak daudela ikusi dute.

Hosto hots eta txorien elkarrizketa misteriotsuekin batera motozerra soinua eta egurraren taupadak aditzen dira Irisasi inguruan, Usurbilgo Txokoalde auzo gainean. Udazken giro epel eta eguzkitsua lagun, jo eta ke dabiltza hamar ikasle eta bi irakasle, Hazi Fundazioak antolatutako motozerralari ikastaroko praktikak egiten.

Europan barna ibili ondotik, han ikasitakoarekin eskola bat sortu zuten Herrialde Katalanetan, eta bertatik Euskal Herrira ekarri dute Miguel Casas “Miki” eta Francisco Masague “Zisku”-k basoaren sektorean falta izan den formazio arautua. «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bederatzi pertsona hautatu gintuzten ikastaroa jaso, eta etorkizunean irakasle izateko. Formatu gintuzten, azterketa batzuk pasatu genituen, eta jendea prestatzen ari gara orain», agertu du Aitor Lazkanok. Fraisoro Eskolan, Derioko Nekazaritza Eskolan eta Arkautiko Nekazaritza Institutuan ematen dira kurtsoak. Xedea baldintza gogorretan egiten den lan hau duintzea da.

Ohitura txarrak zuzentzen

«Hasteko, motozerraren mantenua erakusten dugu, langileak makina ondo ezagutzeko, urte asko lanean daramatzatenek oraindik galdetzen baitigute: ‘Motozerrak daukan marra beltz hau zertarako da?’. ‘Apuntatzeko balio du’. Ohiturak moldatzea ere komeni da. Ezpata handiarekin ibiltzen dira, eta batzuetan txikiagoarekin nahikoa da. Bi mozketa mota egin izan ditugu orain arte, eta guk sei-zazpi mozketa desberdin erakusten dizkiegu. Zuhaitza guk moztu nahi dugun tokirantz joango den, pisua kontra daukan edo nahiko orekatuta dagoen aztertzen dugu, eta mozketa bat edo beste egiten dugu horren arabera. Kuña, palanka eta halako tresnak baliatzen ere irakasten dugu».

Kaskoa, botak eta ebakietatik babesteko arropa dituzte jantzita ikasle zein irakasleek. «Oinarrizkoak dirudite, baina bakero eta kaleko zapatilekin ibiltzen dira batzuk –dio Lazkanok–. Txilibitua eramatea ere aholkatzen dugu. Makinak dezenteko zarata egiten duenez, oihuka ibiltzen gara beti eta zerbait larria gertatzen bada garrasika jarraitzen dugu eta lagunak ez dira ohartzen gertatzen denaz. Baina txilibitu hotsak esan nahi du norbaiti zerbait pasatu zaiola. Kotxeak ere aurreraka aparkatzen ditugu beti, larrialdi egoeran lehenbailehen ateratzeko. Motozerraren ebakia ez da garbia, labanarekin egiten dena bezalakoa; puskatu egiten du eta zauriak larriak izaten dira».

Irakasleak azaldu duenez, bertze ohitura txar bat da makina gorputzetik urruti mantentzea, hala arriskua ekiditen delakoan. Erreminta hurbil eta gainean ibiltzeko pentsatuta dago, ordea. «Motozerraren goiko bolantean askotan hatz bat kanpoan edukitzen dugu, autoan bezala. Baina hatzak behean joan behar du, ondo helduta, bestela errebote bat baldin badaukagu nahi gabe makinak alde egiten ahal digulako eta gure gainera etorri».

Ergonomia ere erakusten dute, motozerra handi batek 12 kilo pisatzen dituelako eta egun osoa karga horrekin goiti eta beheiti ibiltzeak kalte egiten ahal duelako jarrera zaintzen ez bada.

«Basoa botatzera? Tori motozerra!»

Prestakuntza hau guztia Ingalaterran sortu zen, 1972an. NPTC titulazio ingelesetik jaio ziren ECC Europako gaitasun-agiriak, bederatzi estatutara zabaldu direnak. «Ingalaterran, formazio espezifikorik ez baduzu ez dizute motozerra hartzen uzten. Ez da hemen bezala: ‘Zer, basoa botatzera? Tori motozerra! Zuhaitzak, moztuz gero, lurrean bukatzen du’. Noski. Gauza da non bukatzen duen, gu non gauden, eta nola… Oso onak izatea daukagu, edo izugarrizko zortea izatea bizitza osoan». Baina azkenaldian ere istripu ugariren berri izan dugu, horietako batzuk hilgarriak.

Lazkanoren ustez, arrisku pila bat hartzen ditugu ekidin daitezkeenak. «Teknikak daude zuhaitza guk nahi dugun lekura botatzeko. Arbola mugitzen hasten denean, dena mozteko esan ohi da. Baina ni joan egiten naiz, zuhaitzak erortzen denean boteak ematen ahal dituelako edo aldapan mugi daitekeelako. Eremu arriskutsuetarako, ihesbide seguruak ditut. Prestatu eta garbitu ditut, eta badakit nora joan behar dudan».

Norberaren segurtasuna ez ezik kideena ere zaindu behar da, normalki kuadrillaka egiten delako lan. «Bi lagun arbolak mozten ibiltzen dira, beste bi egurra ateratzen eta beste bat neurri zehatzetan ebakitzen». Eta, seguru aritzeaz gain, ekoizpen jakin batera iristea ere bada helburua. «Bestela ez dira zenbakiak ateratzen. Atzerritar asko ari da basoan, dagoen presioarekin eta ordaintzen denarekin bertakoek ez baitute nahi». Ikastarora basoko enpresetako langileak eta udaletako brigadetakoak animatu dira.

Basozainarekin goititu dira Irisasira, kudeaketa plana bete behar dute-eta. Garai batean harizti famatuak zeuden hemen, ontzigintzarako erabiltzen zirenak, eta pixka bat berreskuratu nahi dute basoa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren lurretan egiten ari dira praktikak, tamaina desberdinetako pinu eta izeiekin (handiak edo txikiak diren neurtzeko diametroari begiratzen diote).

Ikastaroa laburra eta trinkoa da, bost egunekoa. Hemendik hilabete eta erdira, abenduan, izanen dute azterketa. Bi maila daude: “ECC1: Motozerra zaintzea eta trontzatzeko teknikak” eta “ECC2: zuhaitz ertainak mozteko teknikak”. Proba ez dute denek gainditzen eta Hazik errekuperaziorako aukera bat ematen du.

Aitzineko ikastaroan emakumezko motozerralari bat ibili zen Fraisoron, baina oraingoan denak gizonak dira. «Neska talde bat, formazioa jaso, eta munduko motozerralari txapelketara joan zen. Puntuaziorik altuena lortuz, erakutsi zuten teknika dela inportanteena eta ez indarra».

Sektore hau ere krisian dago

Imanol Arruti da ekinean ari den ikasleetako bat. Oiartzungo Udaleko basozaina da 2001etik. Bere iritziz, garrantzitsuena da konturatu direla lan egiteko modu batzuk ez direla egokiak eta bertze era batera egin behar dituztela gauzak. «Ez dut istripurik inguruan izateko zorte txarrik izan, baina eskapadak bai, beti izaten dira. Istripuak noiznahi gertatzen dira, asko lan egiteko ohitura desegokiak ditugulako».

Oiartzungo Udaleko lantaldean garbiketak egiten dituzte, baita kimaketak ere, farolak estaltzen dituzten zuhaitzak kenduz adibidez. Baina ez dira produkzioaz arduratzen. «Baldintza askoz hobeak ditugu mendiko lanetan ari direnek baino. Mendian x kamioi atera behar dituzu eta horren arabera kobratzen duzu. Oso lan gogorra da, diru gutxi irabazten duzu, eta azkenean taberna batean lanean bukatzen duzu, edo lorezaintza enpresa batean, nahiz eta mendiko lana gustatu, oso polita baita».

Sektorearen egoeraz galdetuta, ez du deus erran nahi izan hasieran, behin tiratuta haria amaigabea izanen zelakoan. Baina ez dugu sobera animatu behar izan hariari heltzeko... eta bai, mutur aunitz ditu.

«Nekazaritzan gertatzen den gauza bera gertatzen zaigu, ezin garela lehiatu Almeriako negutegiekin. Euskal Herriko produktu bat kantitatean ateratzea, nekazaritzako edozein arlotan, oso zaila da. Kalitatearen alde egin behar dugu apustu. Idiazabal gazta, Getariako txakolina, Bakioko piperra… Halakoek funtzionatzen dute. Bada, basoan gauza bera gertatzen da, baina hemen ez dago kalitaterik. Egur ona edukitzeko inbertitu egin behar da».

Esplikatu duenez, egin den kudeaketa, gehienetan, honakoa izan da: «Pinua landatu, entresaka bat egin, etortzen utzi, eta 35 urtera moztu. Ez dugu entresaka selektiborik egin, kimaketa baxurik ere ez… Inbertsio bat litzateke. Baina ez da egin. Errazagoa izan da ahal zenean dirua jasotzea».

Defendatu duenez, plangintzek ehun urtekoak izan behar dute, baso batentzat denbora hori ez baita ezer. «35 urtera mozten den insignis pinuarekin ohitu gara. Bizkaira joaten bagara, eukaliptoa dago, 15 urtera mozten dena. Dirua ateratzen da, baina lurra agortuta geratzen da, monolaborantzak gaitz asko ekartzen ditu eta produktu kimikoak erabili behar dira. Esplotazioak epe luzekoa izan beharko luke, eta jasangarria. Baina gaur egun ez dugu pentsatzen gure lurretan zerbait landatu eta hemendik ehun urtera gure bilobek jasoko dutela fruitua».

Erantsi du ez duela balio plangintza berak baso guztientzat, bakoitzak bere premia eta helburuak baititu.

Sektore hau ere krisian ikusten du, beraz. «Suedian egurra daukate eta gero Ikea bat. Artzain batek esnea egiten badu dirua irabaziko du, baina gazta on bat egin eta saltzen badu, gehiago. Eta guri hori falta zaigu: altzariak egitea, etxeen egiturak… Lakuako Gobernua kanpaina indartsua egiten ari da egurra baloratzeko. Berriki izan da Egurtek azoka eta egin daitezkeen produktu desberdinak azaldu dituzte. Arkitekto eta ingeniariak egurraren balioa goraipatzen ari dira. Halakoak behar ditugu».

Arrutirekin solasean ari garela auto baten motorra sumatu dugu. Joxe Mari Esnaola iritsi da Zegamatik, kontent Motozerralari Txartel Europarra eskuetan. Zuzenean joan da lagunei kasu egitera eta tarte batera hurbildu zaigu bere berri kontatzera. Udaberrian gainditu zuen azterketa eta etxera ailegatu berri zaio txartela. «Esperientzia bat gehiago. Polita izan zen. Oso jende jatorrarekin aritu ginen eta horrek ere motibazio berezia ematen du gauzak ikasteko. Basogintzan gabiltzanon artean gutxi gorabehera denok ezagutzen dugu elkar. Ez da sektore oso zabala».

14 urtean basoan aritu da eta, azkenaldian, Idiazabalgo enpresa batean dabil goizetan eta Goierriko udal batzuentzat lanean arratsaldetan. Euskal Herriko aizkora txapelketak prestatzen ere ibiltzen da. Beti motozerraren munduan.

«Oso mutikotan hasi nintzen, 16-17 urterekin. Aurrena Aiako Gabriel Sarasolarekin eta gero Legazpiko kuadrillarekin ibili nintzen, eta azkeneko urteetan nire kontura ere bai zerrategientzat eta Durangoko paper fabrikarentzat egurra egiten. Denok ibili gara besteek erakutsitakoarekin eta gure esperientziatik ikasi dugunarekin. Ez da oinarririk egon. Baina orain ikusi dugu badagoela. Adibidez, motozerraren katea eta lima eskatzerakoan beti dendakoak esaten zigunarekin moldatzen ginen. Orain, ordea, gure irizpideak dauzkagu behar ditugun limak eta kateak erosteko».

Zerrategiak, egurrez ongi hornituta

Zegamarrak dioenez, baldintzek egiten dute mendiko lana gogorra. «Gainontzean, beste edozein ogibide bezalakoxea da; lan bigunik ez dago. Hau fisikoa da. Baina niretzat baldintzek gogortzen dute. Egurra asko jaitsita dago, eta gaur egun edozein enpresa, udal edo instituziotan aritzean dagoen baldintzarik ez dago hemen. Asegururen bat nahi baduzu, zuk ordaindu behar duzu. Niretzat, ez dago ondo ordainduta basoko lana. Hau dena egurraren balioak neurtzen du eta baxu dago. Gainera, instituzioek ez dute behar adina laguntzen. Basoko lana ez dago ekonomikoki ondo baloratuta eta horrek ekartzen du beste dena».

Eta, baldintzen artean, ezin da ahantzi eguraldiarena. Esnaolaren bizipenen arabera, eguraldi txarrak, euriak, izotzak, udako bero handiak… aunitz zailtzen dute motozerralariaren egunerokoa. «Aurten negu oso polita joan da, lokatz eta euri gutxi izan da, eta zerrategiak egurrez ondo beteta daude. Udazkena ere oso ona doa».

Kontatu duenez, behin urte batzuk pasatzen direnean ogibide honetan, «norbera ere jartzen joaten da, hainbeste gerri lan egin partez belaunekin eta besterekin eginez. Gorputza ez da tontoa, berak erakusten dizu. Lan guztietan eskatzen dira gaur egun ikastaroak eta hona ere ailegatu da. Beranduen hona ailegatu dela esango nuke. Garbi dagoena da egun guztian topera dabilen langile batek ezin dituela erakusten dituzten segurtasun neurri denak ehuneko ehun bete, bestela oso arbola gutxi botako lituzke». Baina deus ez egitetik dena betetzera erdibidean seguru dago lan txukun bat dagoela.