NAIZ
BAIONA

Hizkuntza politika «berri eta ausarta» egiteko eskatu diote Euskal Elkargoari

Urtarriletik aurrera martxan jarriko den Euskal Elkargoari eskaera luzatu diote Euskaltzaindia eta Euskal Konfederaziotik: abian jarri orduko jar dezala hizkuntza politika «berri eta ausarta» martxan.

Euskaltzaindia eta Euskal Konfederazioko kideak, prentsaurrekoan. (NAIZ.EUS)
Euskaltzaindia eta Euskal Konfederazioko kideak, prentsaurrekoan. (NAIZ.EUS)

Euskal hiztunen kopurua eta euskararen erabilera apaltzen ari da Ipar Euskal Herrian, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak azaldu dutenez. Eta egoera hau iraultze aldera, «baitaezpadakoa» iruditzen zaie hizkuntza politika «berri eta ausarta» garatzen hastea.

Hala, gogoratu dute 2017ko urtarriletik aurrera erakunde aldaketa emango dela Ipar Euskal Herrian. Ondorioz, adierazi dute Euskal Elkargoak «euskara indarberritzeko hizkuntza politika horren bultzatzaile nagusi» izan behar duela.

Horretarako, funtsezko zaizkie ondorengo hiru puntuak: «Sortzen den momentutik Elkargoaren estatutuetan euskararen hizkuntza-eskumena jasotzea, Ipar Euskal Herrian euskarari nolabaiteko izaera ofiziala aitortzea eta baliabide aski paratzea eta hizkuntza politikarako aurrekontu propio bat bideratzea».

«Oinarrizko hiru erabaki hauek hartuta, hizkuntza politika eraginkorra diseinatzen hasi ahalko da Euskal Elkargoa, euskararen eremuko gizarte-eragileen iritzietan eta ekarpenetan oinarrituz», adierazi dute.