Asier AIESTARAN

«Beste maila batekoak» ez direla erakutsi nahi du

Ander Imazek apaltasun osoz hitz egin zuen igandeko partidaz: «Mikelek asko lagunduko nau eta ea nik ere maila ematen dudan».

Ander Imaz izan zen protagonista nagusia atzo Bilbon egindako material aukeraketan. Oiartzungo atzelari gazteak Mikel Beroizen lekua hartu du Binakako Txapelketan, Urrutikoetxearen atzelari postuan, eta igandea egun handia izango da beretzat, Aimar Olaizola eta Alvaro Untoriaren kontra jokatzeko aukera izango baitu.

«Lehenengo aldia da Aimarren aurka jokatuko dudana (Urrutikoetxearekin batera jokatzen duen lehen aldia ere izango da). Goi mailako pilotaria da, Oinatz, Urruti eta hauekin batera dagoen onena, eta badakit gauzak oso ongi egin beharko ditudala pilota kentzeko. Mikelek asko lagunduko nau eta ea nik ere maila ematen dudan», eskatu zuen gipuzkoarrak igandeko hitzordura begira.

Aimarren aurka jokatzen duen aurreneko aldia, Urrutikoetxearekin bikote osatzen duen aurreneko aldia... baina ez da Binakako Txapelketa nagusian jokatuko duen aurreneko partida izango, iaz, finalerdietako ligaxkako aurreneko jardunaldian, Albisuren ordez jokatu baitzuen Artolarekin, Victor eta Untoriaren aurka 22-9 galduz.

«Beste maila bateko pilotariak dira, eta hauekin jokatzeko gauzak oso ongi egin behar dira. Aurreko aldian, Artolarekin jokatu nuenean, hasiera txar samarra egin nuen eta horrek urduritasun apur bat ematen dizu hurrengo tantoetarako. Igandean ongi hasiz gero, nik uste lasaituko naizela», aztertu zuen iazko esperientziaz galdetuta.

Mikel Urrutikoetxeari ere galdetu zioten atzelari aldaketaz, eta aurrelari bizkaitarrak ez zuen aitzakiarik ipini: «Astelehenean Rubenek deitu zidan esateko hurrengo partida Imazekin jokatuko nuela. Ni pozik. Batekin edo bestearekin jokatu ni berdin saiatuko naiz ahalik eta partida onena egiten. Ea bikote ona egiten dugun eta lehen puntua lortzen dugun, garrantzitsua litzateke konfiantza hartzen joateko».

Mikel Beroizentzat babes hitzak ere izan zituen Zaratamokoak. «Beroiz une txarrak pasatzen ari da, ezin izan du bere maila eman lehen bi partidu hauetan. Saiatu naiz laguntzen, baina horrelako une txarretatik denok pasatu gara noizbait eta ez da erraza izaten. Ea lehenbailehen bere maila berreskuratzen duen», opa zion nafarrari.

Gaurkoa, Oñatin

Baina igandeko dema iritsi aurretik, hirugarren jardunaldiak beste bi partida izango ditu gaur eta bihar. Gaurkoa Oñatiko Zubikoa pilotalekuan jokatuko da eta Irribarria-Rezusta eta Mendizabal III.a-Tolosa jardungo dira nor baino nor. Iker Irribarria eta Beñat Rezusta irtengo dira faborito, aurreneko bi neurketak irabazi egin baitituzte.

Zalantza, beraz, aurkarien mailan egongo da. Aitor Mendizabalek eta Xabi Tolosak, Altuna eta Barriolaren ordezkoek, maila polita erakutsi zuten aurreko asteburuan, baina beste pauso bat eman beharko dute gaur garaipenerako aukerak izateko.