NAIZ
GASTEIZ

Carlos Urquijo kargutik kentzea «berri ona» dela azpimarratu du EH Bilduk

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, «berri ona» da Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkaria kargutik kendu izana. Haren ordezko Javier de Andresekin ere «konfrontatuko du» koalizioak, «ziur gaudelako horretarako arrazoiak emango dizkigula».

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Berri ona da Carlos Urquijo moduko pertsonaia bat gure herriko bizitza politikotik kanpo geratzea. Eta hori esatean herri honetako gehiengo sozial handi batekin bat egiten dudala uste dut», azpimarratu du, ohar bidez, Julen Arzuaga legebiltzarkide abertzaleak.

Haren lekukoa hartu duen Javier de Andresekin ere «konfrontatuko du» koalizioak, «ziur gaudelako horretarako arrazoiak emango dizkigula».

Arzuagak gogoratu du EH Bilduk ekimen asko egin dituela gobernu ordezkaritzaren figuraren aurka. «Pentsatzen dugu desagertu behar dela, bere gain dituen eskumen guztiekin batera. Instituzio horrek dituen kontrol poliziala, kontrol politikoa, jazarpen militarra desagertu egin behar da herri honetatik», nabarmendu du.