Haritz LARRAÑAGA

Baionaldean kalitatezko jakiak merke lortzeko proiektua, abian

New Yorkeko esperientzia bat oinarri hartuta supermerkatu ekologiko bat eraikitzeko egitasmoa indarrean da Baionaldean. Otsokop elkarteak kalitatezko produktuen eta lekuko ekoizpenen salerosketa merkea sustatu nahi du kooperatibako bazkide direnen artean.

Lehen esperientzia AEBetan izan zen. 1973. urtean lagun talde bat elkartu zen, New Yorken, kalitatezko jakiak nola eskura zitzaketen aztertzeko. Brooklyneko erdigunean dagoen Slope parkean biltzen hasi eta Park Slope Food Coop kooperatiba osatu ostean, etxeko produktuak eta jaki osasungarriak saltzen hasi ziren. Gaur egun egoitza propioa dute, 5.000 produktutik gora eskaintzen dituzte eta haien adibidea mundu osoan zabaltzen ari da.

Hedapenerako, beraien proiektuaren berri ematen zuen dokumental bat izan zen bitarteko nagusia, eta egun, antzeko kooperatiba anitz aurki daitezke nonahi. Londresen esaterako, The People's Supermarket eratu zen 2010ean, eta aldi berean, Les Amis de la Loube sortu zen Parisen. Azken horiek 2013an lokal bat hartu eta pasa den azaroan denda ireki zuten. Egun 2.000 bazkide ditu elkarteak eta Estatu frantseseko beste eskualdeetan filosofia zabaltzeko lanean ari dira. Hala, Ipar Euskal Herrira ere iritsi da egitasmoa.

Duela bi urte sortu zen Otsokopen lagunen elkartea (Les amis d'Otsokop). Baiona, Angelu eta Biarritzeko (BAB) eskualdean kokatzen da proiektua eta dagoeneko, ia 400 bazkide ditu. Elkarteak honela definitzen du egitasmoa: «Supermerkatu kooperatibo, parte-hartzaile eta berritzaile baten proiektua da, irabazi asmorik gabekoa, bere kideekin eta kideentzat kudeatua».

Kalitatezkoa eta merkea

Franck Laharrague proiektuaren bultzatzailearen azaldutakoaren arabera, helburua zera da, «ingurumenarekin errespetuz landutako kalitatezko produktuak eskainiko dituen supermerkatu bat osatzea». Produktu onak bakarrik ez, merkeak ere nahi ditu Laharraguek: «Jendea Lidl edo E.Leclerc bezalako saltoki handietara joaten da merkeagoa delako. Ideia, antzeko zerbait izango litzateke, merkea bai, baina bertakoak diren kalitatezko jakiekin».

Xedea, ordea, ez da batere erraza. Batetik, konfiantzazko hornitzaileak behar dira kalitatezko ekoizpenak bermatu ahal izateko. Bestetik, kalitatezko produktuak merkeago saltzeko ezohiko supermerkatu bat behar da, bestelako antolakuntza eredu bat oinarri izango duena, bizia, berritzailea, eta batez ere, parte-hartzailea.

Kooperatibako supermerkatuan erosteko bazkide izan behar da. Horretarako, hasiera batean diru poltsa bat jarri behar da, horrela kooperatibako zati bat erosten dute eta jabekideak bilakatzen dira, haien eskubide eta betebeharrekin. Hilean kuota apal bat ordaintzeaz gain, hiru ordu eskaini behar dizkiote proiektuari ohiko eginbeharretan lagunduz, hala nola, garbiketan, apaletan jakiak jartzen, eta antzeko lanetan. Horren truke, tokiko produktu ekologikoak eskuratzeko aukera izango dute bazkideek.

Bazkideak, saltzaile eta erosle

Kooperatibako kideak ez dira saltzaileak, alegia ez dute irabazi asmorik, batez ere erosleak dira, baina prozesu osoan parte hartzen dute. Lehenik eta behin, ekoizle eta hornitzaileekin harreman zuzena bermatu eta jakien sailkapenean parte hartu behar dute. Produktuak hautatzeko orduan “Park Slope Food Coope” taldeak ezarri zituen irizpideak hartzen dira kontuan (produktu biologikoak, bertakoak, justuak,...). Azken urratsa, hautatutako produktuak bazkideen arteko salerosketa sarean txertatzea izaten da.

Produktuak eskuragarri jartzeko ezinbestekoa da eraikin bat izatea eta Otsokop elkarteak Angelun ireki berri du berea. Orain arteko helburuak bete dituzte, sarea osatu eta funtzionamendurako lokal bat izatea, baina aurrera begira ere badute zereginik eta hurrengo urratsak zeintzuk diren ondo zehaztuta dituzte.

Hasteko, bazkide gehiago biltze aldera eta proiektuaren berri emateko bilera eta hitzaldi ugari egiten jarraitzen dute. Azaroan esaterako, New Yorkeko esperientzia erakusten duen filma eman zuten Lapurdiko zenbait aretotan, Laharregueren esanetan, «dokumental horrek oso argi adierazten baititu proiektuaren nondik norakoak».

Gaur egun Angelun duten lokala ez da behin betikoa, saltokia eraikitzeko eremu egoki bat bilatzen duten bitartean urratsak egiten jarraitzeko leku bat da, baina jada supermerkatu itxura hartzen hasi da eta pixkanaka salerosketarako dituzten produktuak ugarituz doaz.

Denda bat eraikitzeak gastu ugari izaten du, ordea. Zentzu horretan, beharrezko tresneria erosteko (bilgarri egokituak, kontuak egiteko gailuak eta abar) diru bilketa kanpaina bat jarri zuten abian. Abendua baino lehen 12.000 euro biltzeko helburua ezarri zen eta 12.422 euro batu zituzten, beraz ekimena arrakastatsua izan zen.

2018rako supermerkatu ekologikoa

2017an salerosketa ekimena astero egin nahi dute, eta horrekin batera, haien irizpideen araberako supermerkatu bat osatzeko lantalde bat martxan jartzeko asmoa dute. «Ekaina aitzin, BAB eskualdeko erdigunean 500 metro koadro inguruko supermerkatu kolaboratzaile bat eraiki nahi dugu», gaineratu du Laharraguek.

Ordurako 500 bazkide bildu behar ditu kooperatibak, beraz proiektua sostengatuko duten kide berriak bilatzen jarraitu beharko dute datozen hilabeteetan. Elkartea kooperatiba bilakatuko da, eta kideek, bazkide izateko urratsa egin beharko dute.

Aurreikuspen guztiak betetzen badira urte baten buruan kooperatiba indarrean izango da eta bazkideek BABeko Otsokop denda ekologikoan egin ahal izango dituzte beren erosketak.