Jon ORMAZABAL

Inoizko garestiena?

Orain arte beti nahikoak izan diren zazpi puntuek ere ez dute finalerdietarako txartela ziurtatzen.

Ez da inoiz lan erraza izaten, baina aurtengoan behintzat, Aspe eta Asegarceko intendenteei onartu beharko zaie bete-betean asmatu dutela txapelketako bikoteak aukeratzerakoan. Horren txapelketa luzean, emozioari azken unera arte eustea ez da sarri posible izaten, baina 2017ko hau horretarako gai izango dela dirudi. Izan ere, hiru jardunaldiren faltan, bikote bakarrak, Irribarria-Rezustak osatutakoak, du ziurtatuta finalerdietarako txartela eta 2012.urtean gaur egun indarrean dagoen lehiaketa sistema martxan jarri zenetik nahikoak izan diren zazpi puntuek ere ez dute finalerdietarako sailkapena ziurtatzen.

Izan ere, taula ixten duten Altuna III.a-Barriola eta Urrutikoetxea-Imaz bikoteek ere batu baitezakete zazpi zenbaki magikoa. Hori bai, Aspekoek alde ikaragarriz irabazi beharko lituzkete geratzen zaizkien hiru partida horiek, gaur egun duten -53 tantoko koefizientearen erruz, galtzaile aterako bailirateke balizko berdinketa anitzetan. Leitzakoa da hain justu, bietan Martinez de Irujorekin bikotea osatuz, ligaxkan zazpi puntu batuta, finalerdietatik kanpo geratu den pilotari bakarra, 2015 eta 2012ko txapelketetan.

Txanponaren beste aldean, 2014an (Urrutikoetxea-Beroizek) eta 2013an (Berasaluze-Albisuk), nahikoak izan zituzten sei puntu langa gainditzeko.

Langa, gorago

Aurten ziurra da garaipen gehiago behar izango direla eta oraingoz, bikote bakarra da lasai egon daitekeena, Irribarria-Rezusta liderrak. Hori bai, esan denaren aurka, geratzen zaizkien hiru partidak irabazita ere, iaz Irujo-Rezustak (13 garaipen) eta Olaizola II.a-Beroizek 2012an (lehia guztiak irabazi zituzten) egindakoaren azpitik geratuko lirateke. Gainera, estatistikei begiratuta, badute kezkatzeko beste arrazoirik, orain arte Irujo-Zabaleta izan baitira, 2013an, ligaxka lehen lekuan amaitu eta gero txapela jantzi duten bakarrak, eta final hura ez zen bukatu, Berasaluzeren orpazurdako lesio larria dela eta.

Sailkapenari jarraituz, Asegarceko bi bikote dira, Bengoetxea-Larunbe eta Artola-Albisu –enpresak Alegiakoa mantentzen du ostiraleko karteleran– helburutik gertuen daudenak.

Lehenengoei Ezkurdia-Merino, Altuna-Barriola eta Elezkano-Zabaletaren aurka jokatzea dagokie eta etsai zuzenen aurka averagea ez dute oso aldekoa, izan ere, Olaizola-Untoria eta Victor-Albisuren aurkakoa galduta dute eta jokatzeke dituzten bi horietan ere lehen itzuliko partida galdu egin zuten, bietan 22-18ko emaitzaz.

Elezkano-Zabaleta, IrribarriaRezusta eta Olaizola II.a-Untoria, exijentzia handiko egutegia da Victor-Albisuri geratzen zaiena. Lehia zuzenetarako, Ezkurdia-Merinoren aurkako tanto aldea kontra dute dagoeneko.

Aspeko gainerako bikoteei nahikoa ilundu zaie orain ez horrenbeste garbia zirudien ibilbidea. Elezkano-Zabaletak eta Ezkurdia-Merinok bosna puntu dituzte eta biek ere bina partida jokatu beharko dituzte aurkari zuzenen aurka. Arbizukoak etaVillar de Torrekoak euren alde izan dezakete Altuna-Barriolaren aurkako azken jardunaldiko lehia. Olaizola-Untoria bikoari min handia egin diezaioke ostiraleko Urdulizeko porrotak.

 

Urrutikoetxea da oraingoz onena

Berria da aurten enpresek jarri duten pilotaririk onenaren saria eta, bistan denez, puntuazio sistemak badu hurrengo urteetarako zer hobetu, txapelketa oso ona egiten ari den arren, nekez uler baitaiteke Mikel Urrutikoetxea izatea orain arteko onena; bi puntuko aldea ateratzen dio Oinatz Bengoetxeari, bera izanda finalerdietara sailkatzeko aukerarik gutxien duen bikoteetako baten partaide nagusia. Enpresetako teknikariak, kazetariak eta pilotalekuan dauden pilotazaleak izaten dira astero astero puntuak banatzen dituztenak, baina lortutako garaipenek ez dute, bistan denez, eraginik izaten puntuaketetan eta horrek ez dirudi bidezkoa.

Egia da bikotean ardurak askoz banatuagoak daudela, baina nekez uler daiteke bi partida baino galdu ez dituzten Irribarria eta Rezusta sailkapen horretan hirugarren eta bosgarren egotea, atzelariaren kasuan liderrarengandik 24 puntuko desabantailarekin.J.O.