@MartxeloDiaz
IRUÑEA

‘Uztaberria’ dakar Errigorak

‘Uztaberria’ kanpaina hasiko du bihar Errigorak. Duela hiru urte hasi zen ekimen hau indartzen doa urtetik urtera. Nafarroako hegoaldeko ekoizleak babestu eta euskara sustatzea dute helburu. Eta jaki goxoak dastatuz gainera.

‘Uztaberria’ kanpaina aurkeztu du Errigorak Iruñean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
‘Uztaberria’ kanpaina aurkeztu du Errigorak Iruñean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

«Errigorago goaz. Hasi ginenean amets mordoa genuen eta amets horiek errealitatea bihurtzeko apustua egiten dugu. Zergatik goaz errigorago? Ekimenaren inguruan bildu diren elaboratzaile guztiei esker, euskalgintzako kideei esker, herri askotan trinkotzen ari den sareari esker eta arnas ematen diguten auzolangileei esker. Ilusioa, grina eta gogoa dugu», azaldu du Errigora ekimeneko kide Ibai Sueskunek gaur Iruñean egin duten aurkezpenean. Adibide bezala, orain 22 ekoizle daude, lehen urtean bi baino ez zirenean.

Errigoraren kanpainak urtean bitan ematen dira, udazkenean eta udaberrian. «Produktua ezatugarazi eta euskarari ekarpen ekonomikoa egiten diogu. Urte osorako produktuez hornitu daiteke jendea, bidezko prezio batean eta produktua kontsumitzaileen eta ekoizleen erdigunean jarrita», azaldu du Sueskunek.

Bihartik aurrera egin ahal izango dira udaberriko produktuen eskariak (orburuak, potxak, kremak, zainzuriak, olioa, ...) errigora.eus helbidean eta baita ere Euskal Herrian zehar 60 herritan egongo diren kolaboratzaileen egoitzetan (tabernak, euskaltegiak, ...)

675.000 euro lortu ditu Errigorak Nafarroako hegoaldean euskara sustatzeko eta azkeneko kanpaina inoiz baino emankorrena 14.000 saski banatu zirelako.

«Nafar hegoaldeko ekoizpena sustatu eta bideratzeko asmoa ere badugu. Agroekologian ere urratsak eman ditugu. Apostu ugari garatzen ari gara denda txikiekin, kontsumo taldeekin, jantokiekin... », azaldu du Sueskunek. Kontsumitzaile sareak indartu eta fidelizatu nahi dituzte.

Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko kide Edorta Lezaunek Errigora ekimenean parte hartzen duten ekoizleak ekologikoak direla nabarmendu du eta bide horretan pausuak ematearen garrantzia nabarmendu du.