Jon Ormazabal

Olaizola II.a eta Untoria finalerdietarako sailkatu dira (22-16)

Artola eta Albisuk oso hasiera txarra izan dute, huts gehiegi batu dituzte eta piloteoan oso nagusi izatea ez zaie nahikoa izan.

Aimar Olaizola pilota astintzen (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Aimar Olaizola pilota astintzen (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Hasi da Binakako txapelketako korapiloa askatzen eta Olaizola II.a-Untoria dira, Irribarria-Rezustarekin batera finalerdietan egongo den bigarren bikotea Artola-Albisuri 22-16 irabazita. Atzoko Bergarako emaitzaren ostean final kutsuko partida izan da gaurkoa eta halakoetan goizuetarrak nekez egiten du huts.

Partidak hasieran egin die ihes gipuzkoarrari, ezer berezirik egin gabe, gorriak 13-3 joan baitira markagailuan. Tarte horretan, gipuzkoarrek 6 huts eta eramatekoak ziren beste 3 sake utzi dituzte erantzuteke eta horela ezinezkoa da aurrera egitea.

Partidak oso bestelako bigarren zatia izan du, lehen eten luzearen ostean, Jon Ander Albisuk nabarmen egin baitu gora. Artolaren laguntza onarekin, piloteoan oso nagusi izan da ataundarra eta gidoia erabat aldatu da. Urdinak 18-15 ere gerturatu dira, baina berriz ere opariak egin dituzte unerik erabakigarrienetan eta Olaizola-Untoriak ez dute barkatu.

Jaka Elezkanoren ordez

Bestalde, astelehenean Tolosan jokatu beharreko partidak aldaketa nabarmen bat izan du, Aspek aditzera eman duenez, Danel Elezkanok ezin izango baitu jokatu, ezker eskuko mina duelako. Bere lekua Danel Elezkanok hartuko du, Bengoetxea VIa-Larunberen aurkako partidan.