NAIZ
BAIONA

Zortzi urteko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati, 2014an Baionan emakume bat bortxatzeagatik

2014ko uztailaren 25etik 26rako gauean, Baionako bestetan, Parisko emakume gazte bat bortxatzeagatik zortzi urteko espetxe zigorra ezarri diote 32 urteko gizon bati.

‘Sudouest’-ek berri eman duenez, Paueko Apelazio Gorteak zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion asteartean Ali Ceesayri 2014ko Baionako bestetan emakume paristar bat bortxatzeagatik.

Estatu frantsesean behin betirako debekua ere ezarri diote Estatu espainiarrean bizi zen gizonari.

Epaiketan, 32 urteko gizonak ukatu egin zuen eraso hura egin izana, baina epaileek frogatutzat jo dute 2014ko uztailaren 25etik 26rako gauean emakumea bortxatu zuela, kalean bakarrik zegoela lo geratu zela aprobetxatuta.

Instrukzioan zehar ere bertsioa aldatzen joan da akusatua: gertatutakoa ukatu zuen lehenik eta, ondoren, sexu harremanak baimendutakoak izan zirela esan zuen.

Olivier Janson fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eta Estatu frantsesean sartzeko debekua eskatu zuen. Gizonezkoaren abokatuak, aldiz, absoluzioa galdegin zuen.