NAIZ
GASTEIZ

Lakuaren «aurrekontu neoliberalak» gaitzetsi ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile eta sindikatuek Lakuaren «aurrekontu neoliberalak» eta apirilaren 1ean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Eskubide Sozialen Kartak bere hamargarren asanblada egingo du bihar Gasteizen.

Eskubide Sozialen Kartak aurrekontuei buruz Gasteizen antolatutako ekitaldia. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Eskubide Sozialen Kartak aurrekontuei buruz Gasteizen antolatutako ekitaldia. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile eta sindikatuek ekitaldi bat egin dute Gasteizen, Mendizorrotza pilotalekuan, Lakuaren «aurrekontu neoliberalak» salatzeko. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hitza hartu du: «Alternatiba saretzen eta gorpuzten jarrai dezagun, politikak aldatzeko borroka indartu dezagun, programa soziala herriz herri sozializatuz eta bertan jasotzen diren neurrien aldeko dinamikak piztuz», adierazi du.

Horretarako, apirilaren 1erako deitutako manifestaziora joateko deia egin du «Euskal Herriko politika sozialak erabakitzeko benetako parlamentua herria izatea lortu arte». Etxaidek gogoratu du aurrekontuak «ez direla ariketa tekniko bat, Gobernuak hartzen duen erabaki nagusia baizik», bere proiektua zein den erakusten duelako.

Aurrekontu hauekin arazo sozialak okertuko direla ohartarazi du: «Hazkunde ekonomikoa ez da herrira iristen, prekarietatean eta politika neoliberaletan oinarritu delako. Aurrekontu hauek bide horretan kokatzen dira, bide horretan urrats berriak emateko prestatu dituzte».

Urrats nagusia babes neurriak murriztea izan dela salatu du: «Okerren daudenak zigortuko dituzte. Merkatuari jaten emateko aurrekontuak dira, herritarrak babesteko eta Euskal Herriarentzat egokia den garapen eredu bat ezartzeko aurrekontuak izan beharrean. Merkatuari jaten ematen bazaio, merkatuaren jabeak loditzen dira, hots, patronala, pribatizatutako eta zerbitzuen jabeak, jendartea eredua argaltzen jarraitzen duen bitartean», erantsi du Etxaidek. Ekitaldiaren ostean, bertaratutakoek manifestazioa egin dute Gasteizko Legebiltzarreraino.

Bihar, hamargarren asanblada

Bestetik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bere hamargarren asanblada egingo du bihar, martxoaren 18an, Gasteizen. 10:30ean, Aldabe Zentro Zibikoa, ekingo diote asanbladari. Bertan elkartuko diren sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkariek iragan urtean egindakoaren balorazioa egin eta datozen urteetarako lan-ildo nagusiak eztabaidatuko dituzte.

Orain arte prozesuaren oinarria izan den parte-hartze dinamika oinarri hartuta, Gasteizen elkartuko diren ordezkari guztiek euren ekarpenak egin ahal izango dituzte.