«Guk, gazteek, bakean bizi nahi dugu Euskal Herrian. Atzoko bortizkeriak utzirik, biharko gizartea eraikitzeko, ETAren arma guztien desegitea sustengatzen dugu». Hala dio Ipar Euskal Herriko 46 eragilek izenpetutako testuak. Honen bitartez, Euskal Herriko gizartea larunbatean Baionara gerturatzera gonbidatu dute «elkarrekin ETAren armagabetzearen azken urratsa babestera».
Zentzu horretan, erakundeei eta gizarte zibilari ere, elkarretaratzean parte-hartzeko eskatu diete, «armagabetzea gauzatzeko». Era berean, espainiar eta frantziar gobernuei eskatu diete euskal presoen inguruan «legea errespetatzea» eta justiziak «tresna egokiak» erabiltzea «kasu bakoitzari irtenbide bat emateko».
Bestetik, gatazka politikoa pairatu duten biktima guztiak entzuteko beharra nabarmendu dute. «Gaia minberatsu izanik ere, denen egiak agertu behar dira, bakearen eraikuntzan laguntzen dutelako».
Gazte Abertzaleak ere, Baionan
Gazte Abertzaleak erakundea ere Baionan izanen da. Hala baieztatu du ohar baten bidez, «bakearekiko duen konpromisoagatik». «Momentu historikoa da hau Euskal Herriarentzat eta euskal gatazkaren kapitulu bai isteko aukera da».
Hori dela-eta, deia herritar guztiei luzatu diete, baina bereziki, euskal gazteriari: «Gutxi bizi izan dugun kapitulua izan daiteke hau, baina gure inguruan belaunaldiz belaunaldi oihartzuna izaten jarraituko duena».
Gazte erakundearen iritziz, «gatazka ez da armagabetzearekin amaituko», eta «bestelako pausoen beharra» nabarmendu du. «Bide honetan biktima guztien aitortza falta da», eta frantziar eta espainiar estatuei preso eta biktimen gaiekin «ausart» jokatzea eskatu die.

Bertsoak, txupina eta besoak zerura: «Bilbo, has daitela jaia!»

Turista sionistek mehatxuak egin zizkieten Palestinaren aldeko manifestariei Iruñean

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Fallece la joven de 18 años que cayó desde 30 metros en el Anboto


