@gara_miantzi
Donostia

EAEko aurrekontuekin ez dela emakumeen egoera aldatuko duen politikarik eginen azaldu du LABek

Iñigo Urkulluren Gobernuaren 2017ko aurrekontuak genero ikuspuntutik aztertu ondotik, ondorio garbia atera du LABek: Aurrekontuak berdintasun eraginkorra lortzeko tresna dira, baina funtzio hori bete beharrean, berdin segitzera kondenatzen dituzte emakumeak. Agertu duenez, ez da jasotzen bizi duten egoera prekarioari aurre egiteko politika publiko eraldatzailerik, eta berdintasun politika publikoak «marginalak» dira.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta Zaloa Ibeas Emakume Idazkaritzaren arduraduna, Donostiako egoitzan. [Jon URBE / ARGAZKI PRESS]
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta Zaloa Ibeas Emakume Idazkaritzaren arduraduna, Donostiako egoitzan. [Jon URBE / ARGAZKI PRESS]

Emakumeen bizitzari erreparatzen badiogu, badugu zertan kezkatu. EAEko datuek hori erakusten dute: %12,2ko langabezia, horietatik 71.061 prestaziorik gabe, 35.726 lagun gutxieneko laguntza jasotzen... Horretaz gain, indarkeria matxistarekin lotutako 5.000 salaketa 2016an, erahildako emakume bat ere bai, gizonek baino bi ordu gehiago egunero zaintza lanetan...

Egoera hori aldatzeko tresna dira aurrekontuak LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek eta Emakume Idazkaritzaren arduradun Zaloa Ibeasek adierazi dutenez. Baina 2017ko Iñigo Urkulluren Gobernuaren partidak genero ikuspuntutik aztertuz, ez dela hala gertatuko ondorioztatu du sindikatuak.

«Jaurlaritzak 11.000 milioi euroko aurrekontua egin du. Hauetatik 7.627 milioi gastu sozialetarako izango dira; %69. Asko dirudi, baina ez gaitezen okertu: 2009an aurrekontuen %73,9 bideratu ziren gastu hauetara», azaldu du Ibeasek Donostiako egoitzan emandako prentsaurrekoan. Erantsi duenez, murrizketa hau egin dute nahiz eta aurrekontuak handitu. «Dirua bada; bestelako gauzetarako erabiliko da, ordea: zor publikoak sortzen dituen interesak ordaintzera edo AHTa eraikitzera».

Lau esparruren azterketa

Lau eremu ikertu ditu LABek. Hasteko, indarkeria matxistari aurre egiteko proposatzen diren neurriak. 11 milioi euro gorde ditu Lakuak xede hori betetzeko, aurrekontu osoaren %0,1. «Indarkeriaren prebentziorako 503.000 euro baino ez dira gastatuko, aurrekontuaren %0,0045».

Kontziliazioari eta korrespontsabilitateari dagokienez, Urkulluren Exekutiboaren proposamena «testimoniala» da, «diru laguntza batzuk ematera mugatzen baita: 32.600.000 euro guztira, partiden %0,29». Ibeasek azpimarratu du zaintza lanak lan ordainduarekin bateragarri egiteko laguntzen %95 emakumeek eskatzen dutela.

Hirugarrenik, sindikatuak nabarmendu du berdintasun politikak osotasunean lantzeko ezinbestekoak direla berdintasun teknikariak, baina Lakuan 200 goi kargu eta 80.000 langile egon arren, 26 berdintasun teknikari baino ez daudela.

Lau proposamen

Etxaidek aldarrikatu du politika feministak egiteko garaia dela, eta lau proposamen zehatz jarri ditu mahai gainean: 1.200 euroko oinarrizko soldata; zaintza lana aitortzea –belaunaldi berriak, gure alabak berdintasunean bizitzeko lana aipatzen den honetan, gure amek, bizi osoa lanean eman dutenek, pentsio duina izateko borrokatzen dela erran du LABeko idazkari nagusiak–; indarkeria matxistaren kontrako lege berria mugimendu feministarekin batera lantzea; eta berdintasun teknikarien kopurua nabarmen gehitzea.

Datorren urterako aurrekontuak feministak izan daitezen lan eginen dutela gaineratu du, hiru ildotan indarra eginez: sindikatu barrenean konpromisoa sendotuz –kongresuaren bidez eginen dute hori–, sindikatuen arteko elkarlanean, eta mugimendu feministarekin lokarriak estutuz.