GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako 33 enpresak «Goierri Valley» sortu dute lehiakortasuna sustatzeko

Batu diren 33 enpresetan 5.800 pertsonak lan egiten dute. Izan ere, Goierri Valley elkartean Gipuzkoako eskualde horretako konpainia handienek parte hartzen dute, CAFek, Irizarrek eta Ampok, esaterako.

Goierriko 33 enpresak elkarte bat sortu dute industria-lehiakortasun sustatzeko eta eskualdeko eraldaketa industriala bultzatzeko. Goierri Valley izena du aliantza berri honek, atzo Beasainen aurkeztu zenak.

Efe agentziak argitaratu zuenez, elkarteko presidente Jose Luis Perezek, Orkli enpresako presidenteak, batu diren konpainietan 5.800 pertsonak lan egiten dutela jakinarazi zuen. Izan ere, Goierri Valley elkartean eskualdeko enpresa handienek parte hartzen dute.

Horien artean daude, adibidez, CAF, Irizar, Ampo, Indar, Orkli, Jaso, GH eta Transbiaga. Halaber, elkartean enpresa txiki eta ertainek ere hartzen dute. Horiek enpresa handien hornitzaileak dira gehienbat.

«Metalaren eta mekanikaren sektoreko industria-partner osoena gara», esan zuen Perezek elkarte berriari buruz. «Goierri Valley elkarteari esker enpresek ezagutza partekatu ahal izango dute eta bakarrik ezinezkoak izango liratekeen proiektuei aurre egin ahalko diete», gaineratu zuen.

Ezagutza partekatzea

«Gure haranaren ahalmenen gaineko ezagutzari esker, mundu-mailan produktu sorta zabala garatzeko eta kudeatzeko aukera dugu, baita industria-soluzio integralak, berritzaileak, lehiakorrak eta neurrira egindakoak ere», nabarmentzen dute Goierri Valleyren webgunean.

«Goierri haranean kokatuta, haranaren industria-transformazioa gidatzen dugu, enpresa elkartuekiko lankidetza errealaren eta aktiboaren bidez –jarraitzen du idatziak–. Ezagutza partekatzen dugu eta berritzen dugu, eta, hartara, industria-lehiakortasuna bermatzen dugu eta gure inguruneko etorkizuneko iraunkortasuna ziurtatzen dugu».

Atzo aurkeztu zuten elkartea, baina osatzen duten enpresak aspaldi hasi ziren elkarlanean, Goieki Goierriko Garapen Agentziari esker.

Aitortu dutenez, Goierriko 18 udalek osatutako agentziaren laguntza garrantzitsua izan da misio komertzialak antolatzeko. Izan ere, Txilen, Mexikon, Brasilen, Txinan, Mauritanian eta Eskozian egon dira, beste herrialde batzuen artean.