NAIZ
BILBO

Greban dauden Bizkaiko zahar-egoitzetako langileek kanpaldia hasi dute Arriagan

Bilboko Arriaga plazan kanpaldia hasi dute greban dauden Bizkaiko zaharren egoitzetako langileek. Hiru egunez egongo dira bertan, mota desberdinetako ekimenak antolatuz, «gizarte-zerbitzu duinetan lan duina» eskatu eta lan gatazka jendarteratzeko asmoarekin.

Bizkaiko erresidentzietako langileak, Arriagako kanpaldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Bizkaiko erresidentzietako langileak, Arriagako kanpaldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Greban dauden Bizkaiko zahar-etxeetako langileek Arriaga plazan karpa handi bat jarri dute eta hiru egunez kanpaldia egingo dute bertan.

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, ekintza honen bitartez, «berriro eskatzen diogu Bizkaiko Foru Aldundiari eta sektoreko patronalei gure eskariei erantzuteko, plantillak handituz, lan kargak gutxituz, lan-baldintzak hobetuz eta hori guztia erabiltzaileei zor zaien arreta eman ahal izateko».

«Lan-baldintzak oraintxe bertan hobetu behar dira, langileei eta erabiltzaileei bizi-kalitate duina bermatzeko», gaineratu du sindikatuak.

Arriaga antzokiaren aldamenean emango dituzte hiru egunetan zehar hitzaldiak eta bestelako ekimenak prestatu dituzte, «gure herri-erakundeek pribatizatu duten funtsezko zerbitzu publiko horren gainbehera eta egoera kezkagarria herritarrei azaltzeko, gero eta herritar gehiago baitaude zerbitzu horren beharrez».

Protestaldi honek irauten duen bitartean, grebalariak txandaka arituko dira, gau eta egun. Nabarmendu dute «harriturik» daudela agertu dieten babesarengatik eta jaso dituzten elkartasun keinuengatik. Eragile desberdinek eta baita artista, musikari edo idazleek babesa eskaini eta kanpaldian parte hartzeko nahia helarazi diete eta, horregatik, esker ona adierazi dute grebalariek.