Haritz LARRAÑAGA
BIDAXUNE

Ahate sanoak hiltzeko aginduari aurre egiteko adopzio kanpaina abiatu dute

Estatu frantseseko zerbitzu sanitarioek bihar Bidaxuneko etxalde bateko ahate kumeak hiltzeko agindua igorri dute. Galzorian diren bi arrazatako ahateak dituen kabala hazle bakarra da eta berauek salbatzeko ahatetxoak erosteko ekimen bat abiarazi du ELB sindikatuak.

Ipar Euskal Herriko abeltzainen eta frantziar Estatuko zerbitzu sanitarioen arteko kalapitak ez du etenik. Oraingo honetan Bidaxuneko etxalde bateko ahateak hiltzeko agindua eman du administrazioak. Horren aurrean Euskal Herriko Laborarien sindikatuak mobilizatzeko deia luzatu eta arriskuan diren ahate txikiak salbatzeko adopzio kanpaina bat abiarazi du.

Ikuskatze sanitarioek egindako proben arabera, Bidaxuneko ahateek positibo eman zuten serologia probetan, aldiz, birologia azterketen emaitza negatiboa izan zen. «Horrek esan nahi du antigorputza garatu dutela eta indartsuak direlako ez direla kutsatuta. Beraz, txertatua baleude bezala da», azaldu zuen Panpi Sainte-Marie ELB sindikatuko bozeramaileak.

Bihar Bidaxuneko abeltzainari babes emateko deialdia egiteko prentsaurrekoa egin zuten atzokoan, eta jende andana bildu zen. Izan ere, berrehun ahate hazle inguru hornitzen ditu etxaldeak, eta, gainera, Landetako Rouen eta Euskal Herriko Kriaxera arrazak dituen ahate hazle bakarra da.

Gauzak horrela, «ahateak sano egon arren hiltzeko arriskuan dira eta haiekin bi arraza desager daitezke», dio Sainte-Mariek. Hori dela eta, «hil aitzin ahate guztiak ateratzeko» ekimen bat antolatu dute. Hots, osasun zerbitzuak etortzen direnean abeltzaina sostengatzeko deia luzatu eta norbanakoei zuzendutako adopzio kanpaina bat abiarazi dute, jendeak hiruzpalau ahatekume eros ditzan.

ELB sindikatuak gogor salatu du Estatu frantsesak afera honetan duen plana. Izan ere, haien iritziz, «enpresa txikien kontra doa administrazioa indarrean duen planarekin, eta, sustatu beharreko arrazak indartu beharrean, kolpatu egiten ditu».