NAIZ
DONOSTIA

Ehunka lagunek kalean pasa dute gaua Haurreskoletako zerrendan izena emateko

Ehunka lagunek kalean pasa dute gaua Eibarko Haurreskolak Partzuergoaren egoitzaren atarian, urgentziazko neurri gisa zerrendan izena emateko bi egunetako epea ireki eta gero. Goizeko 8.00etarako 500 pertsona zeudela azaldu du LABek, sektorearen egoera salatuz.

Ehunka pertsona bildu dira Haurreskolak Partzuergoaren egoitzan, Eibarren. (LAB)
Ehunka pertsona bildu dira Haurreskolak Partzuergoaren egoitzan, Eibarren. (LAB)

LAB sindikatuak azaldu duenez, joan den ostegunean, hilak 8, jakin zuen sindikatuak Haurreskolak Partzuergoaren ordezkapenak betetzeko hautagaien zerrenda agortu egin zela eta, une horretan, «enpresak ez zuela inolako hautagairik haurreskola batzuetan beharrezkoak ziren ordezkapenak betetzeko».

Ekainaren 9an sindikatu abertzaleak «eskaera zuzena» bideratu zien Haurreskoletako Partzuergoaren gerenteari eta pertsonal kudeaketako arduradungei, zerrendak urgentziaz ireki zitzaten eta, gainera, «era ofizial batean zerrenda ireki eta dagokion epean barematzea».

Hala, urgentziaz ireki dute zerrenda bi egunetarako, gaur eta biharko, zehazki, eta ondoren itxi egingo da, LABen arabera.

Izen-emate horren zain, ehunka lagunek Eibarko egoitzaren atarian pasa dute gaua eta goizeko 8.00etarako 500 lagun zeuden jada.

«Hau al da Eusko Jaurlaritzak nahi duena bertoko gazteentzat? Zer dio Erkoreka jaunak egoera hau ikusita? Baldintza onenak ditugula irakaskuntzakook?», itaundu du LABek.

Sindikatu abertzaleak gogoratu du azken urteotan hainbat proposamen egin dituela ordezkoen zerrenda eta araudien inguruan eta, salatu dutenez, «kasu guztietan ezezko borobila baino ez dugu jaso». 2011n itxi zuten Haurreskolak Partzuergoko zerrenda.

«Hezkuntza Sailak, orain dela bi urte, heziketa bereziko zerrendak eta sukaldari eta garbitzaileenak ere zabaldu zituen. Milaka pertsonak izena eman zuten eta egun, ordezkapenek bete barik jarraitzen dute, zentroak egoera larrian jarri arte. LABek irakaskuntzako zerrendak irekita mantentzea eskatu du azkenengo urteetan», gaineratu du sindikatuak.

Hori dela eta, negoziaziorako deia egin dio Lakuari. «Hezkuntza ez dago salgai. Orain inoiz baino gehiago, 0-3 urte arteko zikloa ubiertsala, doakoa, euskalduna eta kalitatezkoa izatea eskatzen dugu», nabarmendu dute.