Oihana Llorente

Igandeko galdeketen atarian, erritmo kubatarrez ala bertsotan, ozen entzuten da Nafarroan erabakitzeko aldarria

Erabakitzeko eskubidearen aldeko olatu berri batek Euskal Herria zipriztinduko du igandean. Nafarroa bustiko du bereziki, izan ere, oraingoan Sakanan, Bortzirietan, Basaburua-Imotzen eta Mendialdean eginen dituzte estatus politikoari buruzko galdeketak. 

Galderak adostuak, bozka-lekuak zehaztuak eta herritarrak gonbidatuak. Dena prest da Nafarroakoa lau eskualde hauetan erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko. Zehazki, Basaburuan , –Aizarotz, Arrarats, Beramendi, Beruete, Erbiti, Gartzaron, Igoa, Ihaben, Itsaso, Jauntsarats, Orokieta-Ola, Udabe–, Imotzen, –Eraso, Etxaleku, Goldaratz, Latasa, Muskiz, Oskotz, Urriza, Zarrantz–, Mendialdean, –Araitz, Arano, Areso, Betelu, Goizueta, Larraun, Leitza, Lekunberri–, Sakanan, –Altsasu, Arbizu, Arruazu, Irañeta, Irurtzun, Lakuntza, Olatzagutia, Urdiain, Ziordia–, eta Bortzirietan, –Arantza, Bera, Lesaka, Igantzi, Etxalar–. egingo dira galdeketak eta lan itzela egin dute azken asteotan erabakitzeko borondatea asmotik praktiraka eramateko.

Mendialdean, adibidez, erritmo eusko kubatarrekin girotu nahi izan dute igandeko galdeketa. La Jodedera taldeak sortutako musika oinarri hartuta, dantzan eta kantuan aritu dira eskualdeko herritarrak ‘Hemen gaude’ abesti eta bideoklipean.

Bortzirietan ere ez dira atzean geratu abestien kontuan eta ‘Eman bortzekoa’ izena ipini diote Gure Esku Dagoren abestiaren bertsio berri honi. Urtarrila eta maiatza bitarte egin dute grabazioa.300 lagun baino gehiagok hartu du parte eta 100 lokalizaziotik gora bisitatu dituzte, denak Bidasoako herrian, Bortzirietan.

Aurpegi ezagunak gehitu zaizkie bertso eta kantuan. Berri Txarrak taldeko abeslari Gorka Urbizuk esaldi ederra utzi du herritarrak animatzeko: «Titular guztiak guri buruz dira baina ez digu inork ezer galdetu. E-18an izan gaitezen nor».

Julio Soto Nafarroako Bertsolari Txapeldunak ere bertso bidez gonbidatu ditu herritarrak igandean bozka ematera. 

Mendialdean, 6.630 lagunek izanen dute bozkatzeko aukera. Abel Barriola, Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizola pilotari ezagunak dira aukera duten horietakoak eta euren ekarpentxoa egin nahi izan dute bideo honekin.

Gure arteko atxikimenduez gain, ozeanoaren beste aldetik ere hainbat babes jaso dituzte igandeko galdeketek. Hemen Argentina, Txile, New York edota Norvegiatik iritsitako mezuak.

Sakana aldean ere hamaika ekimen egin dituzte galdeketa girotu eta herritarrak bozkatzera animatzeko. Hona hemen Olaztin zein Bakaikun egindako bideoak.

Lan handia egin dute eskualde hauetan igandeko galdeketetara iristeko. Lau urte dira Gure Esku Dago herri ekimena jaio zenetik eta orduz geroztik egindako lana itzela izan da bai Euskal Herrian, eta baita  Lesaka moduko herrietan ere. Gure Esku Dago dinamikak Bortzirietako herrian izan duen ibilbidea laburtzeko «mannequin challenge-a» egin berri dute herritarrek.

Estatus politikoari buruzko Euskal Herriko lehen herri galdeketa Nafarroan egin zen, Etxarri Aranatzen hain zuzen ere 2014ko apirilaren 13an. Harrez geroztik, Euskal Herriko 142 herritan egin dira galdeketak eta ekainaren 18an, berriz dator olatua Nafarroara.