NAIZ

%23,67koa da parte hartzea 17.00etan Nafarroako galdeketetan

6.411 pertsona, boto-emaileen %23,67, gerturatu da 17.00etarako Nafarroako 24 herritan Euskal Herriaren etorkizun politikoaz erabakitzeko ireki dituzten hautesleku ezberdinetara.

Ilarak sortu dira Leitzako hautesleku honetan. (@MaiderCarrere)
Ilarak sortu dira Leitzako hautesleku honetan. (@MaiderCarrere)

Estatus politikoaren inguruan hitza hartzeko hautetsontziak kalera atera dituzte Bortzirietan, Imotz eta Basaburuan, Mendialdean eta Sakanan. 17.00ak bitartean, 6.411 pertsona gerturatu dira bozkatzera, hautetsontzietara deituak dauden herritarren artean %23,67, hain zuzen.

Izaskun Etxeberriak Altsasuko ekitaldian adierazi duenez, gaurko galdeketek esanahi berezia dute nafarrentzat, Foru Hobekuntza aukera izan ez eta lehenengoz ari baitira euren etorkizun politikoaren inguruan botoa ematen.

Etxarri-Aranzatzek 2014an bozkatu zuenetik galdeketen olatuak Euskal Herrian zehar izan duen bilakaera nabarmendu du Etxeberriak, ordutik hautetsontziak 166 herri ezberdinetan atera direla azpimarratuz.

Hau guztia herritarren ahalduntzearen ondorio dela adierazi du: «Herriz herri antolatu gara, galdeketaren aldeko indarrak bildu ditugu, herritarrei galdetu diegu eta sinadura bidez gutxieneko atxikimenduak bildu ditugu». Atxikimenduak anitzak izan direla azpimarratu du, eta tartean pertsona esanguratsuak ere badirela nabarmendu du.

Galdeketak bitarteko prozesuari ere erreparatu dio, eta hau «aberatsa» izan dela adierazi du: «Olatu nafar honetako galderekin galdeketen prozesu orokorra aberastu dugula uste dugu». Bi kontzepturen artean ari dira bozkatzen, batipat, nafarrak: nafartasuna eta burujabetasuna.

Oraino bozkatzera gerturatu ez diren horiek ere animatu nahi izan ditu Etxeberriak.