@gara_miantzi
DURANGO

1937ko bonbardaketaren egileen aurka kereila aurkeztu dute Durangoko epaitegian

Durangoko Udala eta hainbat elkartek osatzen duten 1937ko Martxoak 31 Batzordeak kereila aurkeztu dute epaitegian 1937ko martxoaren 31n, apirilaren 2an eta 4an hiria bonbardatu zutenen aurka.

Aitziber Irigoras Durangoko alkatea eta 1937ko Martxoak 31 Batzordeko ordezkariak kereilarekin, epaitegiaren atarian. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Aitziber Irigoras Durangoko alkatea eta 1937ko Martxoak 31 Batzordeko ordezkariak kereilarekin, epaitegiaren atarian. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak kereila kriminala aurkeztu du gaur epaitegian, 1937ko Martxoak 31 Batzordearen izenean, urte hartako martxoaren 31n, apirilaren 2an eta 4an hiria bonbardatu zuten Aviazzione Legionariako kideen aurka.

Horren aurretik, alkateak berak, Anaïs Franquesa abokatuak eta Andoni Barreña Durango 1936 Kultur Elkarteko ordezkariak, 1937ko Martxoak 31 Batzordeko kideekin batera, agerraldia egin dute kereilaren helburu eta arrazoien berri emateko.

Aitziber Irigoras alkateak adierazi du egun sinbolikoa, uztailaren 18a, aukeratu dutela 1937ko Martxoaren 21 Batzordeko kideek kereila aurkezteko. «80 urte pasatu dira bonbardaketetatik eta garaia da egia osoa jakiteko –nabarmendu du–. Durangarrok eskubidea dugu zer gertatu zen zehaztasunez jakiteko eta, aldi berean, justizia eskatzeko».

Andoni Barreña Durango 1936 kultur elkarteko ordezkaria da. Elkarte honen ekimena izan zen Udalbatzak aho batez onartu eta bere egin duen kereila. Barreñak azpimarratu du kereila hori gizateriaren kontrako krimen baten aurkakoa dela eta oroitu du Durangoko bonbardaketak ez zirela 1937ko martxoaren 31n soilik izan (goizez eta arratsaldez egin zituzten); apirilaren 2an eta 4an ere jaurti zituzten bonbak. Azaldu duenez, Jon Irazabalen ikerketa lanari esker badakite gutxienez 336 hildako izan zirela. Horretaz gain, ehunka herritar zauritu ziren eta 321 eraikin erabat suntsitu edo kaltetu. Izua hedatu zen durangarren artean eta milaka lagunek herria utzi zuten. Batzuk oraindik ez dira itzuli.

Ikerketa horri esker bonbak jaurti zituzten 46 abiadore italiarrak ere identifikatu dituzte, Aviazzione Legionariakoak, eta horien aurka jarri dute gaur kereila Durangoko epaitegian. Zergatik jarri dieten kereila eurei eta ez bonbardaketon arduradunei? Barreñak esplikatu du «gurea ei den justizia sistema» dela arduradunen kontra egiteko oztopo nagusia. Justiziaren atea erdi itxita ikusten dute eta zirrikitu horretatik sartu nahi dute kereila honen bidez.

«Bonbardaketa ez da faxistek eragindako kalte bakarra. Hau urrats bat da; garrantzitsua, baina urrats bat», erantsi du.

Durangoko elkarte eta herritarrei dei egin die Barreñak bat egiteko, kereila tramitera onartzen bada herri salaketa aurkezteko asmoa baitute.

Martxoak 31 Batzordea Durangoko Udalbatzarrak, alkateak eta zinegotziak, Durangoko alderdi politikoek eta Durangoko hainbat herri-elkartek osatzen dute, hala nola, Gerediaga Elkarteak, Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeak, Kriskitin Dantza Taldeak, Ongi Etorri Kovanêk, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak.