NAIZ
DURANGO

Durangoko Udalak emakume batek herenegun jasan zuen «eraso bortitza» salatu du

Durangoko Udaleko Berdintasun Kontseiluak eta Berdintasun Batzordeak herenegun emakume batek bere bikotekide ohiarengandik jasan zuen «eraso bortitza» salatu du eta ostegunerako Plataforma Feministak deitu duen elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.

Durangoko Udaleko Berdintasun Kontseiluak eta Berdintasun Batzordeak adierazpena kaleratu du, uztailaren 16an emakume batek bere bikotekide ohiarengandik pairatu zuen «eraso bortitza» dela-eta.

Erakunde horrek bere «gaitzespena eta arbuioa» adierazi ditu emakumeen kontrako indarkeria kasu honen aurrean «edota beste edozein motatako indarkeriaren aurrean».

Erasoa jasan zuen emakumeari babesa helarazi dio eta Udalak dituen baliabide psikologiko, juridiko, ekonomiko eta asistentziakoak bere esku jarri ditu.

Elkarretaratzea etzi

Horrekin batera, herritarrei dei egin die Plataforma Feministak uztailaren 20rako deitu duen elkarretaratzean parte har dezaten, baita mugimendu feministak dei ditzakeen beste ekitaldietan parte har dezaten. Kontzentrazioa 20.00etan izango da, Andra Marian.

Durangon.com atariak zabaldu duenez, erasoa herenegun gertatu zen emakumearen ezagun baten etxean. Bere bikotekide ohiak kolpatu egin zuen eta emakumeak etxetik alde egin zuen baina gizona haren atzetik joan zen eta kalean berriro eraso egin zion. Emakumea ospitalera eraman behar izan zuten, zauriak artatzera. Gizona atxilotu egin zuten ondoren eta inputatu egin zuten, tratu txarrak egotzita, agerkari horren arabera.