Lurdesko ura eta zorte ona ekartzeko esperantza

Markel Irizar, Euskal Herriko Itzulian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Markel Irizar, Euskal Herriko Itzulian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Atseden eguneko lasaitasunetik, lasai lo egin, entrenatu eta bazkaldu ostean ematen diot hasiera nire zutabea idazteari. Baina gaur lasai eta gustura gauden arren, gezurra esango nuke Bauke Mollemak igandean lortu zuen garaipenaren aurretik lasai geundela esaten badut.

Urtean zehar emaitzak ez dira uste bezain onak izan, zortea ere ez dugu lagun eduki, eta azken astean presioa eta egonezina sumatu ahal zen gure inguruan. Garaipenak beti dira ongi etorriak, baina hau, inoiz baino gehiago, momentu perfektuan iritsi eta Pariserako bidea asko arinduko digula onartu beharra dago.

Baina hemendik eta Parisera, tentsio eta estres mailaz gainera, badago aldatuko den beste gauza bat. Kontua da orain dela egun gutxi, horren zorte txarra geneukala ikusita, Koen de Koerten emazteak Lurdeseko ura erostea erabaki zuela. Orain dela hiru egunetik taldeko autobusean Lurdesko ur pote bat daukagunez, taldeko kide denek etapan irten aurretik ur bedeinkatua goitik behera bota eta zorte ona ekarriko zien esperantzaz ekin izan diete etapei.

Halako batean Jarlinson Pantano kolonbiarra niri ur bedeinkatua botatzera zihoala, ez botatzeko keinua egin eta esan nion: «Ya lo siento parcero, tengo que ser consecuente con lo que pienso. No creo en la Iglesia ni en Dios, no me voy a echar el agua». Eta orduan, oso sinestuna den kolonbiar alaiak hau erantzun zidan: «Hacemos una cosa marica, si ganamos una etapa, tú también te echas el agua bendita de una, porque este equipo es la chimba!! ¿Te parece?».

Hitza eman eta atzera bueltarik ez duenez, niri ere fededunen gurpilean sartzea beste erremediorik ez zait geratzen orain. Eta Parisera arteko bidean neuk ere ur magikoaz busti beharko dut neure gorputza! Nork daki, akaso berriz ere Lurdesen mirariak egiten hasi dira eta izugarrizko astea datorkigu berriz!

Horrela bada, fedearekin edo federik gabe, aldarte eta umore onean, agurtzeko aprobetxatuko dut, Tourreko azken atseden egun hau gozatuz agurtuko zaituztet, datorren asteko atseden eguna Etxe Zurin nire hiru txiki eta emaztearekin gozatuko dudalako!

Onak izan, momentua gozatu eta izan zoriontsu!

Besarkada bero bat eta Bizipoz asko denoi!