NAIZ
TEL AVIV

Inmobilizatutako palestinar bat hiltzeagatik zigortu zuten soldadu israeldarra espetxeratu dute

2016ko martxoaren 24an Hebronen lurrean etzanda, zaurituta eta inmobilizatuta zegoen palestinar bat tiroz hiltzeagatik zigortu zuten Elor Azaria soldadu israeldarra espetxeratu egin dute. «Homizidio» delitua leporatuta, 18 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten otsailean.

Elor Azaria soldadu israeldarra, espetxe atarian. (Jack GUEZ/AFP)
Elor Azaria soldadu israeldarra, espetxe atarian. (Jack GUEZ/AFP)

Elor Azaria, 21 urteko gaztea, Tzirifingo polizia gunera iritsi da, hain betetzen baituzte zigorrak soldaduska egiten ari diren bitartean –hiru urte gizonen kasuan eta bi emakumeenean– delituak egiten dituzten soldaduek.

Polizia gune horren atarian kazetari andana bildu da, baina baita soldaduari babesa adieraztera gerturatutako herritar asko.

Gainera, soldaduaren etxea eta espetxe banatzen dituzten kilometroetan, gidari talde baten babesa jaso du Azariak. Haietako batzuek Israelgo banderak zeramatzaten aldean eta, beste batzuek, «Jainkoak bedeinka dezala Israel» zioten larruzko jakak.

Kotxetik atera denean ez du ezer esan Azariak, baina iragan astean oihartzun handia lortu zuen bideoa sareratu zuen, jasotako babesa eskertzeko. «Niri gertatu zaidanak ez dezala zuen motibazioarengan eragin. Zoazte, eman izena Israelgo Defentsa Indarretan eta lagundu ahal duzuen neurrian», zioen bideoan.

Epaiketan, bere burua errugabetzat jo zuen Azariak. Beretzat eta bere kideentzat arriskutsua zela pentsatu zuelako egin zion tiro palestinarrari, epaileari azaldu zionez. Hala ere, auzitegiak ez zuen haren bertsioa aintzat hartu.

2016ko martxoaren 24an tiroz hil zuen Azariak Abdelfatah al-Sharif palestinarra, lurrean etzanda eta zauriengatik inmobilizatuta zegoela. Ustez soldaduei eraso egin saiatu ondoren tirokatu zuten.

2004tik, lanean ari zela norbait hiltzeagatik auzitegi militarrek zigortutako lehen soldadua izan da Azaria –18 hilabeteko espetxe zigorra, «homizidio» delitua egotzita– eta Israelgo jendartean zatiketa nabarmena eragin du.

Izan ere, batzuek uste baitute zuzen jokatu zuela etsai jotzen duten palestinarraren aurrean eta, aldiz, beste batzuek defendatzen dute immorala eta Kode Militarraren aurkakoa izan zela Azariak egindakoa, teorian behintzat, bizitza edo segurtasuna arrisku larrian daudenean soilik ematen baitu tiro egiteko baimena.