Nerea GOTI
BILBO

Txikigunea, izar handien konstelazioa

Casilda Iturrizar parkean konstelazio berri bat sortu da. Bertan 24 jarduera baino gehiago kokatu dituzte, guztiak ere etxeko txikienek barruan daramaten izar hori pizteko ezin hobeak. Datorren igandera arte, familia giroan gozatzeko aukera aparta dute adin guztietako neska-mutilek. Atzo jolasekin gozatzen zuten aita-ama ugari ikusteko parada ere izan zen, eta lehendabiziko ilarak, Marijaia jaietako izar nagusiarekin argazkia ateratzeko.

Eguzkiak ez du izarren argia itzaltzen Casilda Iturrizar parkean. Berdegune eta gerizpe artean, irrati estudioan, eskulan tailerretan, water cannon bezalako ur jokoetan edota antzezlanetarako agertoki ederrean, milaka izarren distira ikusteko aukera aparta izango da hurrengo igandera arte. Mikrofonoa eskuetan, mozorrotuta, aurpegia margotuta edo trebezia beharrezkoa duten jolasetan, etxeko txikienek barruan daramaten izar hori piztea da konstelazio horretako jardueren helburua. Guztira 24 jarduera baino gehiago dira, adin guztietako haurrentzat.

Emandako datuen arabera, iaz 144.000 lagun baino gehiago hartu zituen 0 eta 12 urte bitarteko haurrei eskainitako guneak. Atzo, irekieratik ordu eskas batera, 70 umek jada izena emana zuten informazio puntuan. Bertan, datuak hartu eta kontaktuan jartzeko beharra izanez gero haurrari laguntzen dion nagusiaren telefono zenbakia jasotzen duen eskumuturrekoa jartzen diete neska-mutilei.

Aste Nagusiaren inguruko informazio guztia jasotzeko aukera ere ematen du informazio puntua. Bertako begiraleak, gainera, keinu hizkuntza erabiltzeko gai dira eta egitarauak braillez ere badituzte.

Ehunka familiek estreinatu zuten atzo gunea, eguraldi paregabeak lagunduta. Izatez, Aste Nagusiko proposamen hau familia-giroan gozatzekoa da, eta, egia esanda, ez da zaila txikien jarduerekin gozatzen duten aita-amak topatzea ere.

Ilara luzeak ere berehala agertu ziren. Horietako bat, Marijaia handiaren ondoan argazkia ateratzeko. Arrakastarekin estreinatu ziren, era berean, aurpegia margotzeko guneak. Hori bai, begiraleek GARAri adierazi ziotenez, Marijaiaz mozorrotu baino, haurrek nahiago dute Spiderman edo printzesa bihurtu. Zortzi egun geratzen dira oraindik, eta, beraz, aurrerago galdetu beharko da tendentziak bere horretan jarraitzen duen edo aldaketarik egon den...

“Izar Berritxu” irratian, aldiz, Marijaiaren kanta izan zen gehien kantatuetako bat. Bertako mikrofonoetatik pasatutakoen artean Bilboko haur asko asko zeuden, baina baita Bizkaia osotik heldutako beste asko ere.

Bertan bildutakoen artean galdetuta, ama batek Txikiguneren eskaintza anitza nabarmendu zuen. «Haurraren adina edozein izanda ere, aukera aparta da. Gerizpe handiak ere badaude beroari aurre egiteko», nabarmendu zuen. «Txarrena», bere iritziz, parkea Areatzatik urrun izatea.

Garraioak ere badu protagonismoa Txikigunean. Alde batetik, txu-txu trenak Areatza eta parkea lotzen ditu 25 minutuero. Bestetik, Bilbobusek “Denboraren autobusa” dauka bertan, antzerki-ikuskizunak eskaintzen dituena egunero-egunero.