NAIZ
DONOSTIA

Kilometrotako auto ilara, berriz, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko lotunean

Azken egunetako joerari segiz dezenteko auto ilara sortu da gaur ere Gipuzkoa eta Lapurdi arteko ordainlekuan. 12.30erako 8 kilometroko ilaren berri eman du Lakuaren Trafiko Zuzendaritzak. Atzo 10 kilometrotik gorako ilarak sortu ziren. Gasteizen ere pilaketak daude, N622 eta A1a lotzen diren lekuan, Donostiako norantzan.

Auto ilara luzeak espero dira egun osorako euskal errepideetako ohiko puntuetan. 12.30ean 8 kilometroko ilara zegoen, adibidez, Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen dituen Ap8ko ordainlekuetan, Baionako norantzan. Puntu honetan atzo 10 kilometrotik gorako ilarak sortu ziren.

Beste puntu korapilatsua Gasteizen dago, N622 errepideak A1arekin bat egiten duen lekuan 2 km-ko ilara sortu da eguerdia aurretik, Donostiarako norantzan.

Igandera bitarte auto joan-etorri handia espero da, bereziki Gipuzkoa eta Lapurdi arteko lotune horretan. Bidegik iragarritakoaren arabera 160.000tik gora ibilgailu igarotzea espero dute.

Elkarte publikoaren arabera 112.000 bat igaroko dira bost eguneko tartean Baionako norantzan, beste 50.000 bat espero dituzte beste norantzan.

Gaur eta larunbata bitarte 40.000 eta 43.000 ibilgailu artean espero dira egun bakoitzeko eta igandean beste 35.000 bat igaroko direla uste du Bidegik.

Bidegik auto ilarak ekiditeko neurriak iragarri zituen arren egunero kilometrotako ilarak sortzen ari dira. Ordainlekuetan sortu ohi dira pilaketak, ordaintzeko lanen eraginez. Bidegik iragarri zuen trafiko gehien duen norantzan, Baionarantza, alegia, kabina gehiago izango zirela irekita. Punturik korapilatsuena, hala ere, Lapurdiko lurretan dagoen ordainlekua da, muga igaro eta berehala ari dira sortzen, oraingoz, ilara luzeenak.