NAIZ
DONOSTIA

Etxebizitza turistikoen ordenantza berriro idazteko eskatu dio EH Bilduk Donostiako udal gobernuari

Etxebizitza turistikoen ordenantza berriro idazteko eskatu dio EH Bilduk Donostiako udal gobernuari, ordenantzak kaltetuko dituen herritarrak kontuan hartuta. Eragile desberdinen artean araudi berriak sortu dituen «erreakzio negatiboak» aintzat hartuta egin du eskaera.

Enrique Ramos zinegotzia eta Eneko Goia alkatea, etxebizitza turistikoen ordenantza berriaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Enrique Ramos zinegotzia eta Eneko Goia alkatea, etxebizitza turistikoen ordenantza berriaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

«Sortu den anabasaren aurrean», Donostiako EH Bilduk etxebizitza turistikoen ordenantza berriro idatz dezala eskatu dio indar abertzaleak udal gobernuari, «baina oraingoan herritarrak kontuan hartuta».

Oharra igorri du indar abertzaleak, eta bertan eragile desberdinen (oposizioa, enpresaburuen elkarteak, auzo elkarteak, hiritarrak...) artean araudi berriak sortu dituen «erreakzio negatiboak ikusita», ordenantza «berriro zerotik» hasteko eskatu dio udal gobernuari. Testu berrian, ordea, «ordenantzaren ondorioak gehien pairatuko dituzten kaltetuekin kontatu behar du Udalak, batez ere bizilagun elkarteekin eta finken administratzaileekin».

Gainera, auzo elkarteen iritzia jaso beharko lukeela uste du eremuen banaketa egiteko orduan, eta eraikinen lehen solairuetan egoten diren bulego profesionalen eta beste elkarteen ordezkariena ere bai.

EH Bilduk gogora ekarri duenez, ordenantza berriak batez ere bi ondorio izango ditu: «pisu turistikoek eragiten dituzten elkarbizitza arazoak lehen solairuetatik goiko pisuetara eramango dituela», eta «gaur egun zentroko auzoetan bizi ahal izateko dauden arazoak (alokairuaren prezioaren igoera, adibidez) beste auzoetara eramango direla».

Araudiaren ondorioak ezagutu ahala auzo elkarte batzuk eta «herritar ugari» kezkatuta daudela nabarmendu du eta Enrique Ramoz Udalgintza alorreko zinegotziaren azalpenek, «gauzak argitu beharrean, anabasaren sentsazioa areagotu zuten».

EH Bilduren aburuz lehen solairuko araua mantendu egin beharko litzateke, eta pisu turistikoak gehiago arautu behar badira, «izan dadila beste aktibitate ekonomikoek dituzten baldintza berdinak izateko, irisgarritasun, segurtasun eta intsonorizazio baldintzak ezarriz».