@aagirrezabal
Barcelona

Gracia, aurpegiaren beste aldea

Kolpeak eta hautetsontzien bahiketa izan dira protagonista goiz guztian zehar. Baina ez Bartzelona guztian zehar. Gracian, adibidez, ez da istilurik oraingoz. Bozkatzeko arazoak sistema informatikoaren ondorioz iritsi dira eta sortu diren ilara luzeengatik. Milaka pertsona etorkizuna erabakitzen.

Gracian izan dira ezezkoaren alde bozkatzera joan direnak ere. (@aagirrezabal)
Gracian izan dira ezezkoaren alde bozkatzera joan direnak ere. (@aagirrezabal)

Auzo ezaguna da Gracia. Historikoki borroka askori aurre egin behar izan dion auzoa. Gaur borroka hautetsontzietan zegoen Bartzelonan, eta Grazia hau betetzen ari da. Ahal den neurrian, behinik behin. Milaka pertsona joan dira bozkatzera eta ilarak izugarriak dira oraindik ere.

Ilusioa eta determinazioa nagusitu da auzoan. Goizean goizetik bizilagun pila zegoen Graciako eskola ezberdinetan, zentroak defendatu eta bozkatzeko erabaki osoz. Hala, 9.00etan hainbat alarma hasi direnean hiriburuko puntu desberdinetan, Gracian arazoak sistema elektronikoak sortu ditu arazoak. «Modo avió» oihuak egun hauetako lelo nagusiekin nahastu dira, mugikorrak ez erabiltzeko eskatuz.

Hala, irudi ederrak utzi ditu auzoak. Ilara luzeen aurrean adineko pertsonak aurrera pasa dituzte eta gogoangarria izan da irteeran jaso dituzten txalo zaparradak. Pilar eta Carme, 78 urteko bikiak dira. Pilarrek, «anarkista amorratuak», lehen aldiz eman du bozka. 2014ko galdeketan ez zuen egin baina «oraingoan ez dut etxean geratzeko aitzakiarik aurkitu».

Helduak eta haurrak. Paula eta Victor hiru asteko alabarekin sartu dira Univers eskolan. «Bere etorkizuna dago jokoan».

Eta noski, gehiengoak baiezkoaren aldekoa zirudien. Baina denak bozkatzearen aldekoak. Baita Carlos ere. Gracian bertan jaiotako 36 urteko gaztea espainiar bandera lepoan lotuta zuela patxadan agertu da: «Nire bizilagunak jipoitzen ari diren horiek ez dute bandera hau defendatzen, nostalgiko batzuk dira». «Espainia bozkatzera» gerturatu da, «soilik bozkatuz eraiki dezakegulako guztiontzako Espainia bat».