
Bertsotan esanak zituzten esan beharreko guztiak eta taularen atzeko aldean paratutako agertokira sartzea kosta zitzaien bertsolariei saioa amaitu eta segidan. Erabat hustuta iritsi ziren eta hitza hartu aurretik ere euren aurpegiek erakusten zuten barruan zekarten gorputzaldia, nekea eta talantea.
Maialen Lujanbiori so begirada guztiak, eta «bidearen neke eta betetasunetik» mintzatu zen hernaniarra. «Txapel hau lan gogor baten emaitza da», aitortu zuen. Plaza izugarri eder topatu zuela aipatu zuen, «jendea bero dena emateko».
Aitor Mendiluzek «oso mimatua» sentitu zela aipatu zuen indibidualki nahiz taldeari dagokionez: «Oso gurean aritzeko baldintza guztiak izan ditugu».
Unai Agirre estreinakoz zen finalean eta halako jendetzaren aurrean jartzea kostatu zitzaiola adierazi zuen: «Oso polita eta gogorra izan da». Bere lanagatik ez ezik, bertso eskolako lagunenarekin ere pozarren agertu zen. «Beraiek izugarri poztuko ziren baina igual ni adina ez», esan zuen Lujanbio eta Mendiluzeri keinua botaz.
Beñat Gaztelumendik ez zuela bere egunik hoberena izan nabarmendu zuen, «baina gaztea naiz eta ikasteko lagun onak ditut», bota zien irribarretsu ingurukoei.
Amets Arzallusek ere pareko sentsazioak zituen. Atzo hasi eta atzo amaitu zuen txapelketak «sentsazio gazi-gozoak» utzi dizkio, bere esanetan. «Egunean zehar ariketa batzuetan ustez egin nezakeenera ez naiz iritsi», zioen, «talde giroa» nabarmentzearekin batera.
Sustrai Colinak orain lau urte baino sentsazio hobeak izan zituela nabarmendu zuen eta zera gaineratu: «Igor Elortzarekin txapelketan azken ofizioa egin zuena ni izango naiz eta hori gauza handia da niretzat», esanaz amaitu zuen.
Izan ere, Unai Sarriegi eta Igor Elortza izan ziren agerraldiaren beste protagonistak, taularen gainean azken txapelketa zutela iragarri baitzuten biek. Sarriegik erabaki hau hartzeko «toki hoberik» ez dela izango nabarmendu zuen eta «zapore gozoz» agurtzen duela txapelketa aipatu zuen. «Bukaerako argazki hori ez dut sekula ahaztuko», esanaz agurtu zen. Elortzak arrazoi pertsonal eta kolektiboak aipatu zituen. Azken alor honetan, gogora ekarri zituen badirela atzetik bultzaka datozenak.
Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak finalaren maila goraipatu eta txapelketaren antolaketan parte hartu duten guztiei bere txindurri lana eskertu nahi izan zien, eta umoretsu bota zuen bera ere ez dela datorren txapelketarako sailkatuko.

Hernaniko segadan atxilotu eta 29 urte preso eman zituen Garratz Zabarte hil da

Salud desaconseja el baño en 11 playas de Bizkaia y Gipuzkoa por la calidad del agua

La familia de Ander quiere esclarecer los hechos que acabaron con su vida

«Había gente que vivía en Irulegi mil años antes de los vascones que escribieron en la Mano»

