NAIZ
GASTEIZ

Penaltiek Kopatik at utzi dute Alaves

Benetan kanporaketa ona egin du Alavesek Valentziaren aurka, baina ezin izan du finalerdietarako txartela lortu. 72. minutuan aurreratu dira gasteiztarrak, Munirren gol batekin, baina gutxi iraun die pozak, 77. minutuan Minak banakoa egin du-eta. Ez dute etsi etsi eta 85.ean Sobrinok kanporaketa berdindu du. Azkenean, penaltiek erabaki dute kanporaketa eta gasteiztarrak ez dira fin aritu eta 2-3 galdu dute.

Hiru penalti huts egin ditu Alavesek. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Hiru penalti huts egin ditu Alavesek. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Lehen zatia oso lehiatua izan da. Borroka asko, baina aukera garbirik ez. Valentzia aurretik zen, joaneko partidan 2-1 irabazi ostean, eta Alavesek ere bazekine gol bakarra behar zuela txapelketan aurrera egiteko. Inork ez du arriskurik hartu nahi izan eta golik gabe amaitu dira lehen 45 minutuak.

Eta bigarren zatian, aldiz, denetarik pasa da. Alavesek pauso bat aurrera eman du, golaren bila, baina eskema ez da asko aldatu. Aukera garbirik ere ez zen iristen gasteiztarrentzat, Guidettik baloia sareetara bidali duen arte. Ezkerretik iritsi zaion baloi bat ederki errematatu du buruz, baina epaileak falta adierazi dio tokia irabazteko borrokan.

Hogei minutu falta zirela Munir eta Hernan Perez zelairatu dira eta partida erotu egin da. Munirrek, ukitu duen lehen baloia sarera bidali du. Emaitza horrekin finalerdietan ziren arabarrak, baina pozak gutxi iraun die. Erasoan baloia galdu dute eta bi pasetan Santi Mina atezainaren aurrera iritsi da, eta ez du barkatu. Hemen ere epaileak txistuak entzun behar izan ditu, etxekoek Zazaren falta eskatu dute-eta.

Kolpea izan da Alavesentzat, baina ez dute etsi eta 85. minutuan, alboko falta baten bigarren jokaldian, Ruben Sobrinok ez du hutsik egin area txikitik. Horrekin bukatu dira 90 minutuak eta ordu erdi gehiago jokatu behar.

Luzapenaren lehen zatia aukerarik gabe amaitu da, nekea nagusi. Bigarrena ere lehiatua izan da, eta hasi bezain laster aukera argia izan du Valentziak, baina Rodrigoren errematea langara joan da.

Azkenan 11 metroek erabaki dute norgehiagoka eta gasteiztarrek hiru huts egin dituzte. Valentziak aldiz, hiru sartu ditu.