NAIZ

Alokairuko 162 etxebizitza eraikiko dituzte Txurdinagan eta Arangoitin

15 miloi euro jarriko ditu Lakuako Gobernuak alokarirura bideratuko diren 162 etxebizitza eraikitzeko Bilboko Txurdinaga eta Arangoiti auzoetan.

Iñaki Arriola sailburua, Lakuko Etxebizitza saileko arduradunekin batera. (IREKIA)
Iñaki Arriola sailburua, Lakuko Etxebizitza saileko arduradunekin batera. (IREKIA)

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak Bilboko bi auzotan alokairuko 162 etxebizitza eraikitzeko bi proiektu aurkeztu ditu gaur goizean. Proiektu horien lizitazioa joan den asteartean onartu zuen Gobernu Kontseiluak.

Lehen proiektuaren barruan, 107 etxebizitza eraikiko dira eta azaldu duenez, ahal den heinean Txurdinagako gazteentzat izango dira. Bigarrenak, berriz, Arangoitin 55 etxebizitza eraikitzea du helburu. Sustapenek 15 milioi eurotik gorako inbertsioa izango dute, eta obrak aurten hastea espero da.

Arriola sailburuak adierazi duenez, «azken urteetan etxebizitza sozialen arloan egin den jardunik garrantzitsuenetako bat da, eta, haren bidez, Bilbon merkatu librean aukerarik ez duten pertsonen alokairu-eskari handiari erantzungo zaio eta beren baliabideekin etxebizitzarik lortu ezin duten pertsonek etxebizitza egoki bat izateko duten eskubide subjektiboa onartzen duen 2015eko Etxebizitzaren Legearen agindua beteko da».

Gaineratu duenez, «Txurdinagan lehiaketara atera den proiektuak berretsi egiten du gure Saila batez ere gazteei zuzenduta dauden alokairuko bizitokien alde egiten ari den apustua. Izan ere, Euskadin azken hamar urteetan alokairuko bizitokien arloan egin den sustapenik handiena da».

Etxebiden alokairuko etxebizitza bat eskatzeko izena eman duten 51.171 pertsonetatik, 10.524 logela bateko etxebizitzak eskatzen dituzten 35 urtetik beherako gazteak dira. Gehienak emakumezkoak (% 54,1) eta ezkongabeak (% 94) dira.

Aurreikusitakoaren arabera, Txurdinagako alokairuko zuzkidura-bizitokien eta Arangoitiko etxebizitza sozialen eraikuntza abuztuko oporren aurretik esleituko da, eta obrak irailean hasiko dira, egikaritzeko bi urteko epearekin.