naiz

Alesbes eta Azkoien artean AHTaren plataforma eraikitzeak 56 milioiko kostua duela salatu dute

Sustrai Erakuntzak Adifek Alesbes eta Azkoien artean bost kilometroko AHTaren plataforma berri bat eraikitzeko agindua eman duela salatu du eta proiektu honek 56 milioi euroko kostua duela gogorarazi. «Beste behin ere ikusten dugu nola Nafarroako Gobernuak bere jarduketa eta erabakiak zuritzen dituen, nola estaltzen duen bere erantzukizuna duela 20 urte diseinatutako, eta jadanik zaharkitutako, tren eredua bultzatzeagatik», adierazi dute.

Adif-ek Abiadura Handiko Trenaren plataforma zati berri bat eraikitzeko lana izendatu du, Alesbes eta Azkoien artean. Sustrai Erakuntza plataformak salatu duenez, «eraiki egin nahi duten bost kilometroko zati berriak 56 milioi euroko kostua du». Diru kopuru hori soilik plataformaren eraikitzeari dagokiola jakinarazi dute.

Aragoi ibaiaren gainetik 546 metroko biaduktu berria egitea du aurreikusita proiektuak, eta honek «ingurumen eragin handia» sortuko lukeela azpimarratu du plataformak. «Proiektu hau Nafarroako Gobernuak egina da, Azkoien eta Erriberriren arteko zatia adjudikatu zuen proiektu bera, nori eta AZVI enpresari adjudikatua, hainbat auzitan sartuta dabilena herri lanen inguruko ustelkeriarengatik», gaineratu dute.

Bestetik, Europako Kontu Auzitegiak egindako auditoriaren harira, nabarmendu egin nahi izan dute  «AHTren linearik gehienek errentagarritasun sozioekonomiko eskasa» dutela kritikatzen duela, «bidaiari gutxi eraman eta haien eraikuntzan gainkostuak izan direlako».

«Espainian AHTa zentzugabekeri galanta da. CEOEren ustez, AHTak ez du balio merkantziak garraitzeko; FEDEAk behin baino gehiagotan kritikatu egin du AVE gehiegi eraiki izana Espainian, gutxieneko errentagarritasun soziala ez lortzeagatik. Eta gurean, duela gutxi EHU-ko irakasle talde batek eginiko txostenean Euskal Y-aren errentagarritasun eza salatu du. Bukatzeko, Sustrai Erakuntzak gauza bera egina zuen Nafarroako AHTaren errentagarritasun falta agerian jarriz», gehitu du Sustraik.

Nafarroa Gobernuari ere «egungo trenak ahalmen handiagoa» duela gogorarazi nahi izan diote, lan berrietan sartzeko beharrik gabe. «Bidaiariak eta merkantziak eramateko, eta erraza da berau modernizatzea». «Gauzak horrela, beste behin ere ikusten dugu nola Nafarroako Gobernuak bere jarduketa eta erabakiak zuritzen dituen, nola estaltzen duen bere erantzukizuna duela 20 urte diseinatutako, eta jadanik zaharkitutako, tren eredua bultzatzeagatik. Tren horrek ez ditu nafarren beharrizanak asetzen, ingurumenarentzat kaltegarria da eta diru xahuketa besterik ez da», salatu dute..