Haritz LARRAÑAGA
Baiona

SNCFko langileek aldizkako ekintzak egiten jarraitzen dute

Macronen erreformaren kontra eta zerbitzu publikoaren defentsan mobilizatzen jarraitzen dute trenbideetako langileek. Uztailean hiru hilabeteko greba amaitu zuten eta, ordutik, aldizkako ekintzak egiten ari dira. Ostegunean Biarritzen izan ziren eta atzo trenbideetako langileek 1944an egindako greba historikoa oroitu zuten Baionan.

Estatu frantseseko trenbideetako langileen eskari nagusiak garraio publikoa ez pribatizatzea eta Macronen erreforma atzera botatzea dira, baina bestelako eskariak ere badituzte. Horregatik, ekintza bakoitzean, eskari nagusiez aparte, bestelako eremuak ere ukitzen dituzte.

Ostegunean, esaterako, LAB, Sud Rail eta CGT sindikatuek deituta, 40 lagun bildu ziren Biarrizko Ama Birjinaren arrokan, ekintza sinboliko bat egiteko. Zehazki, Nicolas Hulot Ekologia ministroari mezu bat bidaltzeko bildu ziren udan bisitari andana erakartzen dituen eremuan: «Tren zerbitzua desegitearen alde badago, gas emisioak isurtzearen alde ari da».

Izan ere, trenbideetako langileen iritziz, «kamioien alternatiba trenak dira, eta, gainera, ez dute hainbeste kutsatzen». Haien esanetan, tren bakar batek 55 kamioi ordezkatzen ditu, eta, ondorioz, trenen erabilera sustatzea ingurugiroaren aldeko apustua egitea da. Horregatik, kamioien gas emisioek sortzen duten kutsadura eta haren ondorioak irudikatzeko, salbamendu flotagailu bat jarri zioten Biarrizko Ama Birjinari.

Data seinalatua

«Duela zenbait hilabetetik sakrifizio handiz lortutako lorpen sozialak indargabetzen ari direla ikusten ari gara, eta oso esanguratsua da eskubide horiek nola eskuratu ziren oroitarazten duen gaurkoa bezalako data seinalatu batean ordezkari publikorik ez izatea», nabarmendu zuen atzo Julien Delion CGTko sindikalistak.

SNCFko geltoki guztietan aurki daiteke tren langileek 1944ko abuztuaren 10ean egindako grebaren oroigarri bat. Baionako tren geltokian dagoen plakaren aitzinean, «haien borrokari segida eman eta haien baloreak goretsi behar» direla aldarrikatu zuten omenaldia egiteko bildu ziren lagunek. «Gaur, Frantziagatik eta bakeagatik hil zirenak omendu eta ofizialki ospatzen den greba ofizial bakarra oroitu nahi dugu», adierazi zuen Delionek geltokian egin zuten ekitaldi xumearen amaieran.

Greba hartan hil ziren sei langile baionarrak ere gogoan izan zituzten. Guztira, Estatu frantses osoan 1.647 trenetako langile hil ziren 1944ko greba famatu hartan.

«Askatasunaren greba»

Vichyren erregimenak indar alemaniarrekin armistizioa sinatu ostean, SNCFko trenak indar okupatzaileen esku geratu ziren. Sindikatuak debekatu egin zituzten, baina, gerra amaitzear zela, langileak deportazio trenak gidatzeari uko egiten hasi ziren.

Horrela kontatu zituzten 1944ko gertakariak atzo irakurri zuten testuan:«Abuztuaren 10ean hasi zen greba. Bost egunera geltoki guztiak blokeatuta zeuden eta beste arloetako langileak ere borrokara batu ziren. Abuztuaren 18ean greba orokorra deitu zuten eta abuztuaren 25ean Paris askatua izan zen».

 

Ryanair cancela cientos de vuelos por la amplia huelga de pilotos

La compañía irlandesa de «low coast» canceló ayer unos 400 vuelos en toda Europa por la jornada de huelga convocada por sus pilotos en Alemania, Irlanda, Bélgica, Suecia y Países Bajos, que afectó a cerca de 67.000 pasajeros. Esta es la segunda huelga a la que se enfrenta Ryanair en menos de un mes, pues los tripulantes de cabina (TCP) del Estado español, Italia, Bélgica y Portugal ya lo hicieron los días 25 y 26 de julio.

Entre otras medias, piden que se les aplique la legislación laboral de cada país. GARA