NAIZ
ELORRIO

Eroskik 14,8 milioi euro irabazi ditu lehen seihilekoan eta ia %3 hazi da salmentetan

Eroski Taldeak 14,8 milioi euroko emaitza positiboarekin itxi ditu 2018. urteko lehen seihilekoko kontuak. Oro har, taldeak 2.314 milioi euroko negozio zifra egonkorra du, eta %2,9ko hazkundea izan du Hego Euskal Herrian, Galizian eta Balear Uharteetan egindako salmentetan. Eroski S. Coop kooperatiba nagusiak bi milioi euroko etekinak izan ditu 2018ko lehen seihilekoan.

Eroskik 1.651 saltokiko sare komertziala du. (Gari GARAIALDE/FOKU)
Eroskik 1.651 saltokiko sare komertziala du. (Gari GARAIALDE/FOKU)

Eroskik jakinarazi duenez, urteko lehen seihilekoan bere ohiko jardueraren emaitza 83 milioi eurokoa izan da, iazkoa baino %75 handiagoa, higiezinen operazioen eta balio kateko eraginkortasun hobekuntzen eraginez. Izan ere, Eroskik hobetu egin ditu prozesu logistikoa eta Zurekin eredu komertziala. Bestalde, Caprabok lehiakortasuna hobetzeko plan bat abiatu du, eta Bartzelonan beste plataforma logistiko bat eraikiko duela iragarri du berriki.

Urteko lehen erdian, Eroskik zor finantzarioa txikitzen jarraitu du, eta, hala, 83 milioi euro amortizatu ditu. Zenbateko horrekin, 1.475 milioi eurotan murriztu du zor finantzarioa krisi ekonomikoa hasi zenetik. Finantza entitateekin harturiko konpromiso guztiak bete egin ditu, eta gaur egun palanka efektu finantzarioa murrizteko plan bat negoziatzen ari da, 2019ko abuztuan hasita pasiboaren egitura orekatua lortzeko 2024rako.

Bestalde, Eroskik 38 milioi euroko inbertsioa egin du urteko lehen seihilekoan, inbertsio propioak eta frankiziatuenak batuta. Hein handian, 52 supermerkatu birmoldatzeko eta 26 denda berri irekitzeko egin du inbertsioa. Hain zuzen, bi supermerkatu propio ireki ditu, eta 20 frankiziatu; gainera, Dooers kirol oinetakoen hiru denda berri ireki ditu, baita gasolindegi bat ere. Irekiera horiek eta dendak Zurekin eredura egindako eraldaketa direla medio, Eroskik 203 lanpostu sortu ditu urtarriletik uztailera.

Taldeak sei milioi bazkide bezero ditu, alegia, sei milioi lagunek dute Eroski Club, Caprabo edo Forum Sport txartelen bat. Urteko lehen seihilekoan, 134 milioi euro transferitu ditu gero eta eskaintza eta sustapen pertsonalagoen bidez, aurreko urteko epe berean baino %10 gehiago.

Nabarmendu duenez, kooperatiba izaerako espainiar Estatuko lehen banaketa taldea da Eroski, eta erreferentziazko operadorea Galizian, Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Balear Uharteetan. 1.651 saltokiko sare komertziala du.