Haritz LARRAÑAGA
BIARRITZ

13. Lurrama azokak laborantza «elikatzailea» aldarrikatuko du

Azaroaren 16, 17 eta 18an ospatuko dute Biarritzeko Irati erakustazokan Lurrama laborantza herrikoiaren 13. edizioa. Aurtengo lelo nagusia «laborantza elikatzaile baten alde» izango da. Ohiko animazio, hitzaldi, jatordu, kontzertu eta ikuskizunez gain, berrikuntzak ere izango dira. Aurten gainera, Lurramak Euskaraldiarekin bat egingo du.

Atzo ezagutarazi zituzten Biarritzeko herriko etxean aurtengo Lurrama azokaren 13. edizioaren nondik norakoak. Lehen aldiz, aurkezpen osoa euskaraz egin zuen Iñaki Berhokoirigoin Lurrama elkarteko lehendakariak, azaldu zuenez, «euskarari gure babesa emateko, azaro amaieran eta abenduan burutuko den Euskaraldia ekimenarekin bat egitea erabaki dugulako».

Aurtengoa, Biarritzen egiten duten 8. edizioa izango da, aurreko bost edizioak Baionan izan baitziren. Horrela, edizio berriari begira kontuan hartzeko zenbait berritasun azpimarratu zituen Berhokoirigoinek.

Europako laguntzak hizpide

Aurten jorratuko duten gai nagusia Europako Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) izango da. Egun laborariek dituzten diru sarreren %85 Europatik datozen diru laguntzak direla oroitarazi zuen Lurramako lehendakariak eta zera gaineratu zuen: «Ez dugu NPBa maite, baina laguntzak behar ditugu, beraz hor egoteko borrokatzen gara, horrela, erreformaren eztabaidan gure ekarpena egin eta NPBa aldatzen saiatzeko».

“Laborantza elikatzaile baten alde” leloa aintzat hartuta, Europako laguntzen afera lantzeko 9 hitzaldi eta film emanaldi egingo dituzte. Horien artean bi izango dira bilkura nagusiak. “NPBaren erreforma: laborantza eta politika elikatzaile baten aldeko proposamenak” izeneko mintzaldia, Gerard Choplin Via Campesinako kideak eta Laurent Pinatel Confederation Paysane elkarteko bozeramaileak eskainiko dute azaroaren 16an. Choplin gainera, aurtengo edizioko aitajaun izendatu dute. Azaroaren 17ko arratsaldean ostera, “Lobby-ek gure platerak nahi dituzte” izenburua duen mahai-ingurua izango da.

Aurtengo gonbidatuak berriz, Poitou-Charentes eskualdeko laborariak izango dira eta hango animalia arrazak eta ekoizpenak ezagutzeko aukera eskainiko dute. Bestalde, aurtengo afixan agertzen den behia piriniotar arrazakoa dela esplikatu zuen Berhokoirigoinek. «Hautatu dugu, zeren iparraldean laborari batzuk elkartu dira behi horren hazkuntza sustatzeko», nabarmendu zuen bozeramaileak.

Ikasleak eta lehiaketak

Azaroaren 16an irekiko ditu ateak Lurramak eta 600 laguntzaile ariko dira lanean egitarau oparoa burura eramateko. Eskola desberdinetatik gerturatuko diren 2.500 ikasle espero dituzte antolatzaileek eta haurrentzako 14 tailer pedagogiko izango direla ere iragarri zuten.

Horrez gain, adin guztietako jendearentzat izango diren animazio, ikuskizun, otordu eta lehiaketa anitzen berri ere eman zuten. Gastronomia, gasna eta ogi lehiaketekin batera, herri kirolak izango dira, hala nola sokatira, Euskal Herriko launakako finala Lurraman izango baita.