
Hirugarren urtez jarraian, Jokin Altuna Lau eta Erdiko finalean da. Amezketarrak 22-16 menderatu du Oinatz Bengoetxea Labrit behin eta berriro zutik ipini duen finalerdi ikusgarrian. Leitzarrak ere sekulako neurketa jokatu du, baina partidaren bigarren zatian txapara bidalitako hiru pilotak oso garesti ordaindu ditu azkenean.
Oinatzen norgehiagoka hasiera harrigarria izan da. Lehen sakea berari egokitu zaio eta hasierako jokaldiari zukua atera dio. Pilota oso bizi ateratzen zitzaion eskutik eta Altuna ito egin du lehen tanto horietan: 0-4, 1-6 eta 2-9 aurreratu da.
Gantxoz, pilota bikain irekiz, bizi atzeratuz... mota guztietako erremateak sinatu ditu Bengoetxeak lehen zati horretan. Bereziki aipagarria 2-7koa: ezkerrez pilotari sekulako efektua emanez ireki duen jokaldi sinestezin batean. Baina kezkatzeko datu bat ere bai: Altunaren bigarren eta hirugarren tantoak, azken hau amezketarraren partzialari hasiera eman diona, Oinatzek txapara bidalitako bi piloten bitartez iritsi dira. Amaieran gertatuko zenaren aurrerapena seguru asko.
Altunak ere, sakea berreskuratu duenean min handia egin dio Oinatzi jokaldi horrekin, eta aipatutako 8-0 partziala iritsi da, markagailuari buelta eman eta 10-9 aurreratzeko. Egoera aldatu egin da, eta Jokin zen kolore guztietako erremateak egiten zituena. Bat aipatzekotan, 7-9koan atzeraka zihoala egin duen gantxo txundigarria.
Neurketa asko estutu da hortik aurrera, eta ez zen argi ikusten gakoa non egon zitekeen. Baina tanto gogor asko egon direnez, arlo fisikoak bere eragina izango zuela argi zegoen. Oinatz 12-14 aurreratu da sakez egindako tanto bati esker, baina orduan Jokinen erreakzioa iritsi da beste 7-0ko partzial batekin.
Lehengoaz gain, tarte horretan beste tanto gogor asko jokatu dituzte bi protagonistek, bereziki 16-14koa eta 18-14koa, eta denak Altunaren alde erori dira –tartean Oinatzek txapara bidalitako pilota bat ere bai–. Amezketarra 19-14 aurretik zen eta Bengoetxeari gero eta zailago jartzen zitzaion dema.
Bere amorru guztia aterata, azken saiakera bat egin du leitzarrak eta baita bi tanto bikain egin ere, 19-16 hurbiltzeko. Baina zuzen-zuzenean txapara bidalitako bi errematek bere aukera guztiak lurperatu egin ditu. Zabalera bidalitako azken pilotak 22-16koa itxi du Altunaren alde, Oinatzi kaiolan lehen aldiz irabazi eta hirugarren finalerako sailkatuz.

Ikasle etorkinei euskara ikastea errazten dien Eusle programaren arrakasta

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
