Maider IANTZI

Tabakalerako gaurko eta atzoko langileak, memoria kritikoa egiten

Kearen artxibogileak Donostiako Tabakalerako langileak dira, lehengoak eta oraingoak. Eraikinaren sotoan ikusgai dago egiten ari diren lana, baina erakusteko modua ez da soilik estetikoa eta estatikoa; bizi-bizirik dagoen artxibo komunitario bat da. Horregatik gertatzen dira gaurkoa bezalako saioak.

Urtebetetze besta baten antza duen topaketan, kafearen eta pastelen ondoan pilatzen doaz opariak: argazkiak, kontratuak, antolatzen zituzten lehiaketetan irabazitako dominak, derrigorrean hartu behar zuten tetanosaren aurkako txertoaren agiriak… Tabacalerako langile ohiak eta beren senideak etorri dira, poltsa bete memoriarekin. Artxibogileak dira. Urte pila batean gorde dituzte objektuak eta horrek ere ematen digu Donostiako fabrika 1913tik 2002ra izan zenaren berri.

Leire San Martin eta Ana Revuelta, Tabakalera kultur zentroko gaurko langileak, anfitrioi lanetan ari dira. Hezkuntza arloan dabiltza. Bertan sortu zen proiektua, duela lau urte. Eta ordutik emakume zigarrogile talde batekin biltzen joan dira. Gaur gehiago gonbidatu dituzte, begirada aberasteko asmoz. Ilusioz eta emozioz beteta, esker onez egin diete harrera hezitzaileek. Batzuek elkar ezagutzen dute, bertzeek ez, eta ederra izan da topaketa. Zailena, saioa hastea, kontu kontari ari baitira denak isildu gabe.

Borobilean eseri dira, Pili Jauregi zigarrogileak fabrikako uniformeak eraldatuz egin dituen kuxinetan goxo. Aho zabalik gelditu dira Isabel Azkue senideak atera dituen altxorrekin: «Amaren izeba amonarenak dira. 1888an atezain nagusi izendatu zuteneko kontratua da hau, fabrika oraindik Garibai kalean zegoen garaikoa. 600 pezeta irabaztetik mila irabaztera igaro zen. Argazki hau ere ekarri dut, eta eskela, atezain nagusia zela agertzen da bertan. Beti izan ditugu etxean, maleta batean gordeta».

Enriquek amona Juana Ormazabalen istorioak ekarri ditu: «Hemengo langilea zen. 1936ko gerraren aurretik lan egiten zuen. Gerrara joan eta bukatzean itzuli zenean, errepresalia gisa, ez zuten hartu. Denbora pasatuta onartu zuten. Nik lanean ezagutu nuen. Argazki honetan anaia eta biokin agertzen da. 60 urterekin hartu zuen erretiroa».

Kontatzeko gogoa

Hainbat etapa izan ditu proiektuak. Hasieran, langile ohiek eta bi artistak, Marion Cruzak eta Pablo Martek, hamabi kapituluko bideo artelan bat sortu zuten. Harremana sortua zegoen zigarrogileekin eta eurei beharra sortu zitzaien gehiago kontatzeko. «Hilabetean behin biltzen gara eta gehiago eskatzen dute», adierazi dute hezitzaileek.

«Lanerako talde bat eratu dugu, eta elkarrekin sortzen goaz edukiak. Hasieran ez genekien zer egin, baina bai nola. Denborak luzeagoak dira, konfiantza sortzeko, baita erabakiak denen artean hartzeko eta materiala biltzeko ere. Hezitzaile eta parte-hartzaileen arteko muga ere oso lausoa da, laguntasunerantz doa».

Orain dela bi urte zigarrogileak poltsak eta poltsak ekartzen hasi zirenean, zera pentsatu zuten: «Zer egingo dugu honekin guztiarekin? Gu ez gara artxibogileak. Gakoa izan zen Ubik liburutegiko katalogatzaile baten laguntza. Nola ordena dezakegu hau? Zer gai ateratzen ahal ditugu? Historiari beste buelta bat eman nahi diogu, letra txikiz idazten denari balioa emanez».

Oñatiko artxiboan dago Tabacalerari lotutako artxibo ofiziala: kontabilitate liburuak, langileen alta eta bajen zerrendak… Informazio mota bat da hori. Baina nolakoa zen egun bat? Hemen bazkaltzen zuten, baina zer? Nola ospatzen zituzten gauzak? Zerbait pasatzen bazen nola erantzuten zuten?

Informazio hori gaur egungoarekin gurutzatzen dute. Tabacalerako lan baldintzak onak ziren: nomina altuak, oporraldi ordainduak, seme-alabentzako bekak... 80ko hamarkadako langile haiek gaur egungoek baino baldintza hobeak zituzten. Ikuspegi kritikoa dute une oro. «Ez dugu janzten zuten bata iraganeko objektu gisa gordeko, baizik eta jarri zioten kremailerari begiratuko diogu». Bata eraldatu zuten. Zigarrogile batek, Susi Nestarrek, kremailera disimulatu bat jarri zuen bestela txanponak erortzen zitzaizkiolako eta hortik aurrera denek moldatu zituzten jantziak. Batek bata laburtu zuen hankak erakustea gustatzen zitzaiolako, baina denek begiratzen ziotela konturatu zenean, berriro luzatu zuen.

Aurrena, senideak

Arantzak argazkiak ekarri ditu bilerara. «Izebak, ahizpak, koinatuak eta laurok lan egin genuen Tabacaleran». Rosa eta Satur ere langile ohiak dira. «Ama eta bere lau ahizpa ibili ziren aurrena, eta gero seme-alabak hasi ginen. Ni garbitzailea nintzen. Lehendabizi senideak sartzen ziren», azaldu du Rosak. «Ulia gainean bizi nintzen eta oso goiz jaiki beharko nuela esaten zidan amak. Txakurrek laguntzen zidaten bidean. Saturrek ere bai lehenengo egunean, baina gero behean itxaroten zidan», oroitu du irriz.

Nico ere «entxufatuta» hasi zen. «Emakume nagusi asko zeuden, edo niri nagusiak iruditzen zitzaizkidan, eta oso gustura egoten nintzen eurekin».

Sotora 18 urterekin sartzen ziren, azterketa erraz bat pasatuta. Lehenengo bi urteak aprendiz aritzen ziren, lanik neketsu eta zikinenean. Emakume nagusienak ere bertan egoten ziren. Hala nahasketa polita sortzen zen. Kantuan aritzen ziren.

Tabacalera herri bat zen eta komunitatea zegoen. Dena ospatzen zuten. Gaur egun gertatzen den bezala, babesleku bat ere bazen lantokia gauzak konpartitzeko. Eta askatasuna. Dibortzioak pila bat ugaritu ziren.

Emakume taldea

Fabrikak 80ko hamarkadan bizi izan zuen sasoi gorena. Mila langile inguru izatera iritsi zen, gehienak emakumeak. Baina produkzio prozesuetan makinak sartzen hasi ziren heinean, gizonek hartu zituzten goi mailako postuak.

Elkarrekin lan egiten zuen emakume taldea ziren eta elkartasuna zegoen euren artean; besteak beste, genero bereizkeriari aurre egiteko. Adibidez, mediku kontsulta fabrikan bertan zuten, baina horren B aldea zen medikua erasotzailea zela. Erasoak jasan zituzten bi emakumerekin bideo bat egin dute, hori kontatuz. Salatu egin zuten eta ez zen berriz gertatu. Medikuak hor jarraitu zuen, baina erizain batek egon behar zuen beti berarekin.

Erakusketan Francisca Garcia la Paqui Tabacalerako artxibozaina omentzen dute. Emakume izateagatik gutxietsi zutenean, gutun bat idatzi zion zuzendariari bere lana defendatuz. Irakurgai dago. Lankideek ez zekiten hori gertatu zitzaionik. Horrelakoak ikusarazteko ere balio du artxiboak.

Lanean hasi eta bi urtean ezin ziren ez ezkondu ez haurdun gelditu. Erre ere ezin zuten egin eta komunean egiten zuten. Emakumeak langile batzordean sartu zirenean, muga horiek kentzeko borrokatu ziren.

Proiektuari berari erreferentziak egiten dizkiote erakusketan. «Elkarrekin lan egiten duen emakume taldea gu ere bagara eta gure prozesua ere azaltzen dugu erakusketan».

Langileak fabrikatik ateratzen ziren unea ikuskizun itzela izaten zen: dozenaka emakumek gurutzatzen zuten atea, elkarri besotik helduta eta giro alaian. Ikustera hurbiltzen omen zen jendea. Tabakalera kultur zentroa inauguratu zutenean, zigarrogileak izan ziren eraikinean sartzen lehenak. Postalak sortu dituzte bi garaiak alderatuz: «1933ko irteera, ordutegi finko batekin (bi txanda zeuden: 06.00etatik 14.00etara eta 14.00etatik 22.00etara), elkartasun handiarekin eta monotoniarekin, Egia periferia zela. Eta gaur egungoa, guztiz kontrakoa. Ia 24 orduko lana astean zazpi egunez, Egia hiriaren erdigune dela».

Azken panela itxierari buruzkoa da. 1913an jarri zen martxan eraikina tabako fabrika gisa eta 2002ko abenduaren 20an behin betiko itxi zen. Hainbat gorabehera politikoren ondotik, 2015eko irailean inauguratu zen egungo Tabakalera. Fabrika ixtean, bi aukera eman zituzten: Logroñon lanean jarraitzea edo dirua jasotzea. Ia denek dirua hartu zuten eta erretiroa ordaintzen joan ziren.

Memoria egiten ari dira horretaz solas eginez eta objektuei bueltak emanez, horietaz hausnartuz, konpartituz. Panelak gurpil gainean doaz eta imanekin jarrita daude objektuak, mugikorrak izateko (Sahatsa Jauregi artistak parte hartu du). «Nola sartuko ditugu gauza berriak, eta nola aterako ditugu hemengo materialak gehiago zabal daitezen?». Horra erronka.

Alde batetik, auzotarrak gonbidatu eta fabrikak hiriarekin eta Egiarekin zuen loturan sakondu nahi dute. Bigarrenik, fokua zabaldu, eta tabakoa nondik ekartzen zen eta lehengai hori sortzen zuten langileen baldintzak nolakoak ziren begiratuko dute. Hirugarrenik, Ubik liburutegiarekin elkarlanean, dena digitalizatzeko asmoa dute, online kontsultatzeko aukera emateko.

Lan honen xede bat da iragana eta oraina, biak modu kritikoan ulertzea. Zergatik itxi zen fabrika eta kulturgunea ireki? Nora doaz fabrikak? Tabakoa erretzen baita oraindik. Erantzunak bilatzen joanen dira artxibo komunitarioan.