Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Otsailera arte aldundiek ezin izango dute airez fumigatu

Aldundiek kobre oxidoarekin fumigatu nahi dituzte pinudiak. Kanada eta Zeelanda Berriko ikertzaileen onespena dute, baina Bizkaiko Zientzia Medikoen Akademiak osasun eta ingurumenean ekar ditzakeen ondorioez ohartarazi du, Europako Parlamentuaren 2009ko zuzentarauak ezarritako debekuan oinarrituta.

Intsinis pinudiak jasaten ari diren gaitza zeresana ematen ari da 2018an eta urtea bukatzear dagoen une honetan eztabaidak aurrera jarraitzen du. Kobre oxidoarekin fumigatzea kutsakorra ez dela diote batzuek, beste batzuek, ordea, zalantzan jartzen dute ziurtasun hori.

Dena dela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek ez dute baimenik izango gutxienez otsailera arte pinudiak kobre oxidoarekin fumigatzeko. Estatu espainoleko Nekazaritza Ministerioak, EAJren eskakizunez, Senatuan eman beharreko erantzuna atzeratzea erabaki du.

EAJko senatari Jose Maria Cazalis atzerapen honekin kezkatuta agertu den bitartean, Bilboko Zientzia Medikoen Akademiak adierazpen tinkoa plazaratu zuen, aldundiek proposatu duten fumigazioaren asmoa bertan behera uzteko.

2017ko urritik jabetu ziren banda marroi eta gorriak hedatzen ari zirela, mahai teknikoa ere osatu zuten hiru aldundiek sektoreko ordezkariekin (Baskegur eta Neiker Tecnaliarekin) baina aurtengo urrira arte ez dute neurri jakinik hartu. Adosturiko neurria, ordea, Madrilek baimendu behar du eta aste honetan Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroa ez zen Senatura bertaratu EAJk honi buruzko galdera egin behar zionean. Eta orain piztu dira alarmak administrazioan, izan ere, Kanada eta Zeelanda Berriko teknikarien esanetan fumigazioa martxo edo apirilean egin behar da: «Badirudi Ministerioak ez duela nahi erabilera hau baimendu».

«Pestizidaren erabilera ez-zehatzak gure biztanlerian ardura sortzen du eta gure giza osasunean duen eragin negatiboa berretsi dute ikerketa ugarik», adierazi zuen Bilboko Zientzia Medikoen Akademiak. Bertan, administrazioek askotan erabili duten argudioa ere zalantzan jartzen da. Izan ere, fungizida horren erabilera errotuta dago baratzeetan –tomate edo mahatsondoetan, esaterako–. «Egokitzat har daiteke erabilera hori, baina kobre oxidoa modu masibo eta ez-zehatzetan erabiltzen bada, organismoek xurgatu egin dezakete, arnasketaren zein elikagaien bitartez», ohartarazi dute akademiako medikuek eta horrek hautsak harrotu ditu.

Aldundiek aurrera eraman nahi duten fumigazioak jendea bizi den eremua, urtegi eta akuiferoak babesteko neurriak izango lituzkeela baieztatu zuen EAJko senatariak, nahiz eta prozesua helikopteroz egingo den.

Zuhurtziaren printzipioa

Bizkaian intsinis pinudiek okupatzen duten azaleraren %25 dago gaixotuta (Araba eta Gipuzkoako datuak ez dira jakinarazi) eta fumigazioa txosten teknikoek «berretsita» dagoela esanez jarraitu zuen Elena Unzueta Bizkaiko Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurumen diputatuak hautu horren defentsa egiten.

Zientzia Medikoen Akademiak, ordea, Europako Parlamentuaren 2009/128/EE Zuzentaraua aipatu zuen. Izan ere, direktiba horrek adierazitakoaren arabera, aireko pulberizazioak egitea oro har debekatuta dago –«airezko isurketa kasu berezietan eta alternatiba bideragarririk ez dagoenean dago baimenduta», zehaztu zuten–, eta fumigazioa egingo den eremua ezin da egon etxebizitzetatik hurbil. «Gauza jakina da gure landa eremua baserri eta txalet ugariz beteta dagoela eta beraz, airezko fumigazioak beti eragina izango duela bertako biztanle, abere eta ingurumeneko ur eta airean».

Horiek horrela, adituek eskatzen duten gauza bakarra da «zuhurtziaren printzipioa» aplikatzea. «Arrazoizkoena litzateke trantsiziozko eraldaketa egiten laguntzea, pinu eta eukaliptoen plantazioak kendu bertoko zuhaitzen alde egiteko, basoen biodibertsitatea, balioak eta aberastasuna errespetatuz».