Ane URKIRI ANSOLA

Itsasoa «ondo portatu da» 2018ko arrantza kanpainan

Berdel, antxoa eta hegaluzearen kuota guztia harrapatu da aurtengo kanpainan. Kostuei dagokienez ere, baporeek petrolioan aurreztu egin dute, arraina gertu egon baita. Epe motzean onuragarria izan den honek, ordea, arriskuan jar dezake iraunkortasuna.

Aurten antxoa, berdela eta hegaluzea ez dugunik jan ezin esan. Kanpaina oparoa eskaini dute baxurako ontzietan garrantzitsuak eta kontsumitzaileentzat preziatuak diren hiru espezie hauek –sardina egon da gutxiago–. Kuota guztiak agortu dira 2018an eta hegaluzearekin gertatutakoak historiako pasarte bat irabazi du. Inoizko –edo inork gogoan duen– amaiera goiztiarrena izan du, uztailean hasi eta abuztuaren bukaerarako kupo guztia agortuta, 8 milioi tonatik gora porturatu ziren euskal portuetan bi hilabeteren buruan.

«Kanpaina ona, bai, baina, batez ere, itsasoa izan da ondo portatu dena», adierazi du Leo Belaustegi arrantzale eta LAB sindikatuko kide ohiak. Arraina kostatik gertu egonda, beraz, ekonomikoki ere petrolioaren gastuak aurreztu dituzte armadoreek. Orduan, zergatik jarri behar da zalantzan 2018ko urteak arrantza sektorean emandakoa?

Batetik, eta Leo Belaustegik baieztatu legez, antxoaren eta berdelaren prezioak nabarmen egin du behera. Euro baten azpitik saldu dira, eta ez zaie errendimendu gehiegirik atera. Behintzat, arrantzale edo armadoreen ikuspegitik. «Saltokietan, aldiz, nik ez dut antxoa kiloa 4 eurotik behera erosi», azpimarratu du, diferentzia «ordaindu behar duten %12ko zergez gain» bitartekarien onurarako izaten dela gaineratuz.

Antxoaren kanpaina behintzat ekainaren bukaeraraino luzatzeko aukera izan zuten, nahiz eta hilabete horren hasieran «badaezpadako» neurriak hartu ziren kupoaren %94 arrantzatu zela ikustean. Berdelaren kasuan, aldiz, bi astean agortu zuten baimenduriko harrapakin kopurua. 11.000 tona arrantzatu zituzten eta kiloa 0,97an egon zen. 2019. urterako eta bigarren urtez jarraian %20an murriztu du Europar Batasunak Estatu espainolari emandako berdel kuota eta aurreikus daiteke sartzear gauden urtean ere kanpaina «erraz» bukatuko dela.

Hegaluze gehiago harrapatzeko baimena eman dio, ordea, Europako Batzordeak Estatu espainolari, %10 gehiago. Aurten 15.000 tona arrantzatzeko aukera zuten eta 2019an 1.500 tona gehiago harrapatu ahal izango dute. Gertatutakoa ikusita, Belaustegiren ustez arrantzaleek beraiek baloratu beharko dute nola kudeatu kuota, irailetik azarora bitartean zer harrapatu jakinda ez ibiltzeko. Dena den, datu positibo gisa, epe motzean asko harrapatu arren prezioa mantentzea lortu da. «Batez bestekoa 3,85 eurokoa izan da», zehaztu du Belaustegik.

Arazoa edo Belaustegiren kezkaren muina, ordea, hainbeste urtetan pelagikoek harrapatutako hegaluzeari aurkakotasuna adierazi ostean aurten irailetik aurrera atuna jan nahi izan duenak merkatuan beste aukerarik eduki ez izana da, «baxurako ontziek, kanaberaz banan-banan harrapatzen dituztenek, beren kuota abuztuaren bukaerarako agortu zutelako». Irlanda edo Estatu frantseseko bapore pelagikoek gehiago arrantzatzeko baimena izan zuten –gatazka ere sortu zen hauen artean– eta gure merkatuetaraino iritsi dira. 60 eta 70eko hamarkadan 360 ontzi zeuden Bizkaian artisau modalitatekoak eta egun, Ondarroan eta Lekeition bana geratzen dira.

Merkatuaren inposizioa

Aipatzekoa da zimarroia edo hegalaburraren kasua ere. Bigarren urtez jarraian kuota Mediterraneoko enpresa bati «saldu» zaio, «euro batzuengatik onuragarriagoa omen baita hau arrantzatu eta portuko bentan saltzea baino». Merkatuak bitartekarien esku jarraitzen duen neurrian eta arrantzaleek hitzarmen kolektiborik gabe segitu bitartean, epe motzean emaitza oparoak lor daitezkeelakoan dago Belaustegi, «baina ez etorkizunera begira». «Gaur-gaurkoz arraina badago eta gertu daukagu, baina duela urte batzuk antxoarekin gertatutakoa berriro gerta daiteke», ohartarazten du. Zergatik? «Espezieak errotze prozesuan daudenean harrapatzen ari garelako, oraindik arrautzak uretara igorri gabe daudenean», alajaina.

Ugaltze prozesua eteten ari dira, «arrantzaren filosofia beti izan delako arrantzatzea arraina dagoenean». Eta filosofia hori aurtengo kanpainan ezin hobeto ikusi da, itsasontzien arteko lehiakortasunagatik bakoitzak ahalik eta gehien harrapatu nahi izan duelako. Portuan, ordea, merkatarien prezioei men egin behar diete, eta horregatik planteatzen du Belaustegik errotik aldatu behar dela sektorearen pentsamendua: «Arrantzaleen lana arraina harrapatzetik harago joan behar da, merkaturatzeko prozesu osoan parte hartu beharko lukete armadore zein patroiek, kofradien laguntzarekin».

Are gehiago, sei egun barru (urtarrilaren 1ean) martxan jarriko den «derrigorrezko lehorreratzearen araudiarekin». Honekin, ontziek ezin izango dute gehienezko harrapaketa kopuru onargarria (TAC, ingelesez) duten arrainik baztertu, tamaina txikiegia badute ere ez. Itsasontzietan lan karga handitzeaz gain, merkatuan gutxietsiak dauden arrainak porturatzean zer gertatuko den ikusteke dago, «oraingoz bitartekariei interesatzen zaien arraina baino ez baitugu jaten eta bestea oso gutxi baloratzen da bentan, orain arte espezie horietariko asko baztertuak izan direlarik».

Gauzak horrela, Belaustegiren ustetan, administrazioari dagokio hori guztia kudeatzea –2014tik zekiten neurria 2019an jarriko zela martxan–, eta urrats bat litzateke jantoki publikoetara bideratzea «hemengo arrain freskoa». «Edozein ozeanotatik datorren arraina jaten dute haurrek eta ez hemengoa, freskoa; sektorea berpiztu dezakeen hutsune garrantzitsu bat dago betetzeke».