GARA
BILBO

Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa hitzarmenean aurreakordioa sinatu dute

Aurreakordioa LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek sinatu dute Garbialdi enpresarekin eta nabarmendu zuten hitzarmen honek 2010. urtetik langileek jasandako soldata izozteari amaiera ipiniko diola.

Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa hitzarmenean aurreakordioa sinatu dute LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek Garbialdi enpresarekin. Hori behin betiko sinatzea langileek baimendu beharko dute urtarrilaren 9an egingo den batzarrean.

Akordioak Udalhitzeko 6. mailarekiko parekatzea onartzen du 2018-2021 urte bitartean; hau da, udaletxeetako garbiketako langile propioek bezainbeste kobratuko dute azpikontratatutako beharginek.

Hala, 2010. urtetik jasaten duten soldata izozteari amaiera emango lioke hitzarmenak. Urtarrilaren 1ean %2,4ko igoera aplikatu behar izango du Garbialdik eta 2018rako adostu den %1,2ko soldata igoeratik sortu diren atzerapenak ordaindu beharko ditu, LABek zehaztu bezala. 2020ko igoera %1,8koa izango da eta 2021ekoa, %2,3koa. Gainera, 2020. urtetik aurrera, langileek urtean 225 euroko osagarri berri bat ere jasoko dute.

Aldarrikapen nagusia soldata parekatzearena zen eta horrek %6,54ko igoera suposatzen zuen. «Hainbat hilabetetan zehar enpresak %0,3ko igoera baino ez zuen proposatzen», zehaztu zuen LABek albistearen berri eman zuen komunikatuan.

Eskubide sozialei dagokienez, enpresak urtero bere gain hartzen duen azterketa ginekologikoa asumitzen jarraituko du eta, horrez gain, langileek urtean zehar zubi batez gozatuko dute opor egunetatik kendu gabe.

ELAri kritika

Adierazi zuten duela urtebete atera zirela kalera, «mobilizazioak piztea» erabakita. «Urte honetan 50 protesta baino gehiago antolatu dituzte, baita 6 eguneko greba ere eta asteartero, bilkura egiten zela aprobetxatuz, beraien lanabesak altxatu dituzte Foru Aldundiaren aurrean», azaldu zuen LABek.

CCOO sindikatuak ere positibotzat jo du adostutako aurre-hitzarmena: «Sektoreko 180 langileri eragingo die, horietatik %90 emakumeak izanik». Hori dela eta, ELAren jarrera gogor kritikatu zuen ohar baten bitartez, bere ustetan, «interes korporatiboa» lehenetsi duelako, «langile taldearentzat onak diren akordioen alde egin beharrean».