Ane URKIRI ANSOLA

Etxera itzultzea integrazio prozesu bilakatzen denean

Etxera itzulitakoan, zer? Galdera horrekin abiatu zuten «Itzulitakoak» ekimenaren aurkezpen nagusia. Hiru urte baino gehiagoan atzerrian lanean jardun eta itzuli direnek sortu dute irabazi asmorik gabeko elkarte hau eta egoera berean daudenei etxerako itzulera erraztu nahi die.

Bi urte behar izan nituen itzuli nintzela barneratzeko». «Itzuli eta zure euforiaren parekorik ez duen interes lotsatia erakutsi didate kanpoko esperientziari buruz galdetzeko garaian. Atzerritar sentitu izan naiz nire herrialdean». «Itzultzean pankarta eta lore sorta espero zenituen eta kuadrillak aldatu egin dira».

Ostegunean Bilboko Dock kafetegiko areto nagusian entzun ahal izan ziren esaldietako batzuk dira horiek; Virginia Perez (16 urte Alemanian), Teresa Rodriguez-Luna (7 urte Londresen) eta Oihane de Ayalak (10 urte Polonian) ahoskatuak. Puntu batek batzen ditu: kanpoan hainbeste urte egon ostean, etxera itzultzean ere integrazio prozesu bat dagoela, eta askotan ez dela idealena, ez sozialki ez profesionalki.

«Itzuli nintzenean ez nintzen hemengoa sentitzen, baina ez nintzen Argentinakoa ere», kontatu zion GARAri Maria Arrietak. Hamahiru urte egin zituen Argentinako San Juan probintzian, Txiletik gertu, Retamo gobernuz kanpoko erakunde «txikian» lanean. Euskal Herrira itzuli zenean zerotik hasi behar izan zuen. «Han merkatu informal gehiago dago, zer esanik ez GKEetan. Denbora gehiena hala eman nuen eta ez nuen ezer kotizatu», adierazi zuen erdi irribarrez, duela urtebete itzuli eta lana topatu duen zortekoak. Gainera, zehaztu zuen hemen lana bilatzeko orduan ez direla berdin baloratzen Latinoamerikan egindako egonaldiak eta Europan egindakoak: «Baina norbaitek nigan sinetsi zuen».

Duela urtebete, itzultzear zegoela, horrelako elkarte bat egoteak gauzak erraztuko zizkiola pentsatzen du eta horregatik bertaratu zen aurkezpenera. «Nire egoera berean dagoen jendea ezagutzea, sare baten parte izatea eta lan arlorako kontaktu batzuk egitea beti dator ondo».

Aretoa jendez bete zen “Itzulitakoak” ekimenaren aurkezpenerako. Elkartea 30 pertsonak osatzen zuten ostegunean, baina handitzen joango den ziurtasuna zuen zuzendari Andoni Hidalgok ekitaldia hasi aurretik. Gehiengoa Europan zehar aritua da lanean –hala ikus zitekeen ipini zuten mapamundian, bertan banderatxoak kokatzen joan ziren bertaratu ahala– eta lan-baldintzei dagokienez ez dute zerikusirik Hego Amerikakoekin. «Ni pribilegiatu bat nintzela ohartu nintzen Argentinan eta askoz gutxiagorekin bizi daitekeela ikusi nuen. Kontsumismoarekin erabat okertuta gabiltza», laburbildu zuen Arrietak, Mauricio Macriren Gobernua herrialdea suntsitzen ari dela ñabartzearekin batera.

«Igandeetan guztia irekita zegoen Liverpoolen», aipatu zuen Johana Etxezarraga abokatuak, ingelesek igandea asteburuko egunik garrantzitsuentzat jotzen dutela argudiatzeko. Hori gustatu zitzaion gehien Ingalaterran egon zen lau urte eta erdian. Orain bere senarra denarekin joan zen, berari «hemen inoiz edukiko ez lukeen aukera sortu zitzaiolako. Nik Bizkaiko Foru Aldundiari beka bat eskatu nion, europar gaiei buruzko graduondoko bat ikasteko». Ikerketa eta lan akademikoen alorrean aritu zenez, lan-baldintza onenak ez zirela azaldu zuen baina, era berean, hobeak ziren zantzu batzuk azaldu zituen: «Ideia berrietara irekita daude, emakumeen papera askoz sendoagoa da eta han egoera hobea izango nuen ama izango banintz». Hasieratik itzultzeko asmoarekin joan ziren eta, zorionez, bere senarrak enpresa berean jarraitzen du hemen eta Etxezarraga europar gaiez arduratzen da beste entitate batean.

Lan merkatuan birsartzea

Latinoamerikako esperientziatik itzuli zen Teresa Guilarte ere. Formakuntzaz psikologoa, hainbat GKErekin –Mundu Bat, Medicus Mundi eta Mugarik Gabeko Medikuak– egin zuen lan Kolonbian eta Guatemalan hiru urte eta erdiz. «Proiektua bukatu eta beste hiru edo sei urtez han geratzea edota hona itzuli eta lan-merkatuan birsartzea ziren nire bi aukerak. Ziklo bat itxi eta beste bat ireki nuen, GKEekin kolaboratzen jarraituz». 2001ean itzuli zen Bilbora, geldialditxo bat egin eta Bartzelonara abiatu zen; bertan 13 urte eman zituen, nazioarteko kooperazioekin kolaboratu eta ekintzailetzako prestakuntza jasotzen. Egun, Bilbon sommelierren formazioa ematen duen enpresaren jabe da.

«Ekimen honekin, itzuli nahi duen jendeak ikus ditzake arrakastaz birgizarteratu diren esperientzia anitzak; eta posible dela berrengaiatzea bi edo hiru porrot izan arren ere», nabarmendu zuen Guilartek proiektuaren puntu bat azpimarratzeko orduan.

«Azken hiru urteetan, Bruselan lanean nengoela, hemen lan bat aurkitzen saiatu nintzen, buru-belarri», aitortu du Andoni Hidalgo “Itzulitakoak” ekimenaren sortzaileak. Urtebeterako joan zen Bruselara eta azkenean 16 urtez geratu zen bertan. Hamabigarren urtean hasi zen itzultzearen inguruan pentsatzen. «Prozesu osoan zehar zailena itzultzea da. Distantziagatik oso konplikatua da lana bilatzea», adierazi zuen. Horregatik hasi zen horrelako egitasmo bat sortzeko burutazioarekin; hasieran bere ezagunei komentatu eta horiek beren ezagunei helaraztearekin hasi zen sarea handitzen: «Esperientziak trukatzean entusiasmo handia ikusi nuen. Gu kanpoan geundela horrelako zerbait egotea asko eskertuko genukeen ideiarekin bat egin genuen».

Bere ikuspuntuaren arabera, Bruselan zegoela ezagututako pertsonen bizipenetatik eraikia, «euskaldun ia gehienek zuten etxera itzultzeko asmoa eta beste herrialde batzuetako pertsonekin ez da berdina gertatzen; esaterako, italiarrekin». «Bizitza kalitatea konparaezina da. Lan baldintzak hemen eskasagoak diren arren, merezi du hemen lan egitea. Bizitza soziala gure kapitala da, itzultzeko prozesua eraikitzeko aktibo kolektiboa da eta horren balioa nabarmendu behar dugu», goraipatu zuen Hidalgok. 2019an bilera edo ekitaldi informal gehiago egingo dituztela ziurtatu zuen, are gehiago ideia-tailerrean sortu zen solasaldi mordoaren testigu izan ondoren.

Zer hobetu

«Txinatarrek ere ezin izan dute kopiatu gure bizitzeko estiloa», ziurtatu zuen Egoitz Jimenezek. Ingalaterra, Mexiko eta Txinatik pasatu da, hiru enpresatan lan eginez eta umeei ikastetxean hasteko garaia iristean Euskal Herrira itzuli da. Baina horrek ez du esan nahi ez dugunik zer hobetu. Hori kontuan hartuta, herrialdeka edo zonaka elkartu ziren bertaratutakoak, elkar ezagutzeko eta egon diren herrialdeetatik Euskal Herrira ekarriko luketenaren inguruan eztabaidatzeko.

Profesonalki edo lan arloari dagokionez, ordutegiak, kontziliazio familiarra, internalizazioa, ekarpenekiko errespetu profesionala, bileren iraupena eta horien emankortasuna, emakumearen papera eta puntualitatea izan ziren ideia errepikatuenak. Txinatarren negoziatzeko gaitasuna bezalako xehetasunek ere izan zuten lekua.

Gizartea hobetzeari dagokionez, argentinarren izaera irekia eta belgikarrek isiltasunari dioten errespetua izan ziren adibideetako batzuk; hala nola, alokairuak erregulatzea, kultura gehiago hauspotzea, hirietako mugikortasuna eta tolerantzia bezalako ezaugarriak gurean hobetzeko daudela iritzi zioten.

Ideia horiek guztiak berriketaldi bukaezin batean nahastu ziren; ekimen honekin networking sarea handitzeko esperantza guztiak bertan ziren. Asko zuten kontatzeko, amankomunean puntuak izan edo ez. San Frantziskotik Zeelanda Berriraino bidaia egin zitekeen bertan, puntu batetik bestera. Kanpoan esperientzia bildu eta etxean errespetatuak eta babestuak sentitzeko asmoz aurreneko kontaktuak sortu ziren.

 

Adierazpenak

«Hiru urte eta erdi eman nituen GKEetan lanean. Aukera zen beste hiru urtez gelditzea edota itzuli eta lan merkatuan sartzea»
TERESA GUILARTE
Kolonbia eta Guatemala

«Bizitza soziala da gure kapitala, itzultzeko prozesua eraikitzeko aktibo kolektiboa da. Horri balioa eman behar diogu»
ANDONI HIDALGO
Brusela

«Merkatu informal gehiago dago, batez ere GKEetan. 13 urtean denbora gehiena horrela eman nuen, ezer kotizatu gabe»
MARIA ARRIETA
Argentina