GARA
Donostia

LAB, 2018ari begira: krisi berri baten mehatxua eta inboluzioa

2018. urtean Pirinioetako alde bietan gertatutakoari begiratua eman dio LAB sindikatuak, eta iragan astean aurkeztutako «Testuinguruaren Azterketa» txostenean bildu ditu hausnartutakoak. Diagnosia ez da positiboa: «inboluzio» politiko eta sozialaren zantzuak antzeman ditu sindikatuak, «78ko erregimenaren gaiztotzea» erakusten dutenak. Alta, urteon piztutako borrokak, sindikatuak babestutakoak, ere izan ditu hizpide, ez baitira gutxi izan.

LABeko Nazio Biltzarrak adostutako “Testuinguruaren Azterketa” izeneko txostena jendaurrean aurkeztu zuen iragan astean sindikatu subiranistak. Amaitzen ari den urteari buruzko analisi sozioekonomiko zehatza ondu du bertan.

Urtearen hondarretan egindako atzera begirakoak aurten emandako atzerapausoak agerian utzi ditu. Horietako bat Elkarrizketa Soziala instituzionalizatzeko dekretua da, LABen iritziz. «Antidemokratiko» deritzo, ez duelako egungo errealitate sozial eta sindikala aintzat hartzen, eta patronalaren zein Lakuaren politikak «legitimatzea» duelako helburu. Berebat, dekretuak ez du bermatzen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua (LHBSEE) sortzeko helburua, zeina «benetako parte hartze eredu baterako gakoa» den.

Egoera ekonomikoari dagokionez, Lakuako txostenetan berresten den moteltze ekonomikoa «krisialdi berri baten mehatxua» begitantzen zaio sindikatuari, eta, hein batean, «Jaurlaritzaren politika arduragabea» izan da honen eragilea. La Naval enpresako edo automozio sektoreko langileen egoerak horren islatzat jotzen ditu.

Kudeaketa politiko kaskarraren beste porrot bat aurrekontuak izan dira. EAEn, EAJk, PSEk eta PPk bultzatutako zerga erreforma –sozietateen gaineko zerga murriztu zuten– «atzerakoia eta patronalaren neurrikoa» dela uste du talde subiranistak.

Nafarroan, aldiz, PFEZren erreforma egin zen, baina ez ziren handitu sozietateen eta kapitalaren errenten gaineko zergak, eta honek, txostenean esaten denez, agerian uzten du Geroa Bairen «patronalaren aldeko jarrera».

Udazkenean izandako transferentziek ere ez dituzte asebete sindikatuaren nahiak. Trafiko arloko eskumenak (Nafarroan) eta trenbide eta errepide zati baten gaineko ahalmena (EAEn) bai, baina gizarte segurantza kudeatzeko eskuduntzarik ez.

Burujabetzatik eta eredu parte-hartzailetik urruntzen diren aurrekontuak eta transferentziak dira, eta, ondorioz, aurten 40. urtemuga ospatzen duen Konstituzioaren eta «78ko erregimenaren» eredua betikotzen dute. «Konstituzioaren mugetan ezinezkoa da benetako eskaintza politikorik egitea Kataluniarentzat edota Euskal Herriarentzat», adierazten du idazkiak.

Mobilizazioak eta lan gatazkak

Bidegabetzat aurkezten den eredu honek, baina, izan ditu aurkariak. Pentsiodunek eta Mugimendu Feministak hauspotutako mobilizazioak nabarmendu ditu sindikatuak, Oneka plataformaren sorrera eta Emakumeen Mundu Martxa mugarri.

Bestalde, idatziak baiesten du lan gatazkek gora egin dutela aurten. EAEko datuek frogatzen dute joera hori: 2015ean 7.000 langile izan ziren grebara deituak; 2018ko lehen sei hilabeteetan, berriz, 37.000. LABek akordura ekarri ditu azken hilabeteetan babestu dituen grebak, Gipuzkoako zaharren egoitzak, Bizkaiko eta Donostiako etxez etxeko zerbitzuak edo Huerta de Peraltakoa, kasu.

Testuinguru honetan, LABeko Nazio Biltzarrak datozen sei hilabeteetarako esku hartze ildoak adostu ditu. Besteak beste, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan-astea, pentsio duinak, greba feminista lantokietan sustatzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propio bat ahalbidetuko duen estatus berri bat aldarrikatzea, G7koek ordezkatutako eredu «kapitalista patriarkal eta arrazistari» aurre egitea eta euskal preso eta iheslariak etxeratzeko borroka lehenestea.

 

Eskuin muturra, Euskal Herrian ere ate-joka

Nazioartean indarra hartzen ari den eskuin muturra Euskal Herria inguratzen ari da; are, Euskal Herrira iristen ari da, LABek ondutako txostenak argitzen duenez.

Hego Amerikatik hasita, Lopez Obradorren Mexiko salbu, eskuin muturraren goraldia orokorra da. Baita Europan ere, Frantziako Estatuan, Italian, Polonian eta Danimarkan ugaritu egin baitira politika neofaxistak. «Zaila egiten zaigu gertatzen dena ulertzea eta aztertzea bizitzaren prekarizazio prozesu latzari begiratu gabe», testuinguratu du LABek. Indartu beharreko alternatiba «sistemaren aurkako borroka» izan beharko litzateke, bere iritziz, baina ezker eraldatzailea ez da honen aurrean «alternatiba sendo bat egituratzeko» gai.

Ezin aipatu gabe utzi Andaluziako hauteskundeak. Vox alderdiak itxuratu du Espainiako Estatuko faxismoaren gorakada. «Badirudi hiru horiek –PP, Ciudadanos eta Vox– osatuko dutela Andaluziako Gobernua eta Estatu mailan gehiengoa osatzeko ikuspegian jarrita daude jada», agertu dute dokumentuan.

Euskal Herria ez dago mehatxutik salbu. Iparraldean Fronte Nazionalak «babes handia» duela gogorarazi du LABek, eta Hegoaldean ere «Espainiako joeren eragina» nabaritzen dela ohartarazi du, baita Nafarroan ere. “Skolae”-ren kontrako kanpaina, esaterako, «eskuin muturraren uztakoa» dela diote.GARA