NAIZ

Bilbon 8.108 etxe huts daudela salatu du Ernaik

Sare sozialetan zabaldu duen bideo baten bidez, Ernai gazte antolakundeak etxebizitzaren inguruan dagoen espekulazioa salatu du. Zehazki, Bilbon 8.108 etxe huts daudela diote eta alokairuaren bataz besteko prezioa 955 eurokoa dela.

Bilboko Ernairen kanpaina etxebizitza ez dela negozio bat salatuz.
Bilboko Ernairen kanpaina etxebizitza ez dela negozio bat salatuz.

Ernairen arabera Bilbon 8.108 etxe huts daude, eta horietako 4.387 etxebizitza, 2016 urtetik daude hutsik. Gehienak Bilbo erdialdean kokatu ditu, Indautxu, Abando eta Ibaiondo auzoetan bereziki. «Etxebizitzen prezioa etengabe gora egiten duen bitartean», salatzen du Ernaik eta alokairuaren prezioa bataz besteko 955 eurokoa dela nabarmenduz.

Honen harira, aberats eta inbertsio funtsak «espekulazioaren negozio nazkagarri honetan gero eta indar gehiagoz sartzen ari direla» salatzen du Ernaik eta «etxebizitza askoren jabe» direla Bilbon dio.

«Bitartean Bilboko gazteok sekulako ezintasunak ditugu etxetik emantzipatzeko. Enpresariek ordaintzen dizkiguten soldata miserableek eta etxebizitzaren prezioak ezinezko bilakatzen dute. Ez dugu egoera hau onartuko», adierazi du gazte antolakundeak.

Egoera honen erantzuleak higiezin agentziak, jabeak eta Bilboko Udala direla salatzen dute.

Ernaik ‘Euskal Herrian Bizi’ kanpainaren barruan kokatu du salaketa hau. Kanpaina honen helburua prekarietatea salatzea du helburu: «Gure hautua argia da: era duinean lan, ikasi eta bizi nahi dugu, ez iraun. Bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza erdigunean jartzeko apustua egiten dugu».

EH Bizi kanpaina honen harira, Ernaik mobilizazio nazionala deitu du otsailaren 16an Bilboko Euskadi Plazan 17.30ean, ‘Prekarietateari ateak itxiz’ lelopean.